Skyk ITV erosi du

Erresuma Batuko bi telebistek negoziazio luzeak izan dituzte azken hilabeteetan. Sky taldeak 1.872 milioi euro ordainduko ditu ITVren entretenimendu sail osoa eskuratzearen truke.

Erresuma Batuko ITV telebista katea. BERRIA
Erresuma Batuko ITV telebista katea. BERRIA
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 6a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erosketa garrantzitsua izan da Erresuma Batuko ikus-entzunezkoen merkatuan. Mr. Bean pertsonaia (Rowan Atkinson) ezagutarazi zuen telebista katea, ITV, erosi du Erresuma Batuko Sky taldeak, 1.872 milioi euro ordainduta. Gauzak horrela, Sky taldeak lehen zuen baino are indar handiagoa izango du merkatu anglo-saxoian.

Hilabeteak ziren bi konpainiak negoziatzen ari zirela. Gaur eman dute argitara akordioa. Datorren urteko bigarren seihilekoan gauzatuko dute erabat salmenta; eta, horren arabera, ITVren telebista kateak —Erresuma Batuan irekian eta doan emititzen du— Skyren esku geldituko dira. ITVX Interneteko streaming zerbitzua ere bereganatuko du Skyk.

Salmentatik kanpo gelditu dira ITVren estudioak; han ekoizten dute, besteak beste, I am a celebrity saio entzutetsua. Aurrerantzean, ITV Studios edukiak ekoiztera mugatuko da; epe luzeko hitzarmen baten bitartez, Sky eta ITV konpainiek bat egin eta gero sortuko den enpresari eskainiko dizkio programak.

Bizkor doaz aldaketak sektorean

Erosketaren berri ematearekin batera, adierazpenak egin dituzte Sky eta ITVko arduradunek. Dana Strong Sky taldeko kontseilari ordezkariak bat egitearen abantailak goraipatu ditu: «Irekian doan ematen den telebistaren, ordainpeko telebistaren eta streamingaren onena batuko dugu, Erresuma Batuko ikus-entzuleek programazio britainiar apartaz disfruta dezaten». Promes egin du ITVren esentzia ez dela galduko: «ITVk zerbitzu publikoko kate bat izaten jarraituko du, britaniarrentzako ezinbesteko kate bat. Ilusioz beteta gaude elkarrekin etorkizuna eraikiko dugulako».

ITV kateko presidente Andrew Cosslettek, bestetik, adierazi du ITVk zazpi hamarkada luzez rol garrantzitsua bete duela Erresuma Batuko bizitza publikoan. «Sektorean aldaketak oso bizkor ari dira gertatzen. Eta albiste ona da ziurtatu ahal izatea ITVk etorkizunean ere funtsezko rola beteko duela zerbitzu publikoko emisore gisa». ITVren M&E (Hedabideak eta Entretenimendua) Sky konpainiaren barnean integratuko da, Cosslettek azaldu duen moduan. «Gauzak horrela, lider britainiar bat sortuko da, nazioarteko streaming plataforma handiekin lehiatu ahal izateko nahikoa baliabide izango dituena».  

1955ean sortutako katea

Erresuma Batuko ITV telebista kateak historia oso luzea du. 1955. urtean hasi zituen emankizunak, eta herrialde horretako lehen telebista komertziala bilakatu zen. Ipar Irlandan UTV izeneko kateak eman du zerbitzua. Eskozia iparraldean eta erdialdean, berriz, STV izena erabili izan du, eta programazio berezitua eskaini.

Telebistaren historian markak hautsi dituen folletoi bat ITVrena da: Coronation Street. 1960. urtean hasi ziren ematen, eta gaur egun ere programazioan jarraitzen du. Ia 12.000 atal egin dituzte 66 denboralditan.

Euskal Herriko ikus-entzuleentzat, berriz, ITVk egindako saio esanguratsuena Mr. Bean da. 1990etik 1995era eman zuten Erresuma Batuko katean. Euskal Telebistak hainbat urtez eman izan ditu atalak. Ondotik, pertsonaiaren atal bereziak egin izan ditu Rowan Atkinson aktoreak. Eta animaziozko saio bat ere egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA