Bizkaiko Uribe Kosta eskualdeko UK euskarazko aldizkaria doan banatzen da herrietako gune publikoetan eta hainbat kioskotan. Harpidedunek ere etxeko postontzietan jasotzen dute aldizkaria. Hemendik aurrera, ordea, harpidedunei aldizkaria jasotzeagatik laguntza eskatuko diete: 20 euroko harpidetza kuota —zenbaki bakoitzeko euro bat—. Banaketa ordaintzen laguntzeko hasiko dira kobratzen. «Krisi sasoian gaude, baina urtean 20 euro itzelezko edo larregizko esfortzua denik ez dugu uste», adierazi dute. «Badakigu garai latzak ditugula, baina urteak dira erabaki hau atzeratzen ibili garela, urteak ahaleginetan eta eginahaletan, baina oraingoan guk ere ura ahotik gora daukagu, eta ezin dugu etxeko postontzietara bidaltzeko gastua geure egin luzaroan». Erabakiak etxeko postontzietako banaketari bakarrik eragiten dio. «Halere, ziurtatzen dugu herri bakoitzean eskaintza bera egongo dela; hau da, postontzian jasotzeagatik harpidetza ordaintzen ez dutenek gune publikoetan eta kioskoetan jaso ahalko dute doan UK».
Euskarazko hamaboskaria
1995. urtean argitaratu zen lehenengoz UK aldizkaria, Bizarra Lepoan izenarekin. Aurreneko urteetan hilabetekaria zen; 2002. urtean, aldiz, hamaboskari eta 56 orrikoa bihurtu zen. «Aldizkari soziokultural moduan defini daiteke, baina herri informazioan ere arreta berezia jartzen du», diote arduradunek. «Hurbileko informazioa eskaintzeaz gainera, aldizkarian lekua dute Euskal Herri osoko edukiek». Irudiak garrantzi handia du, asko du argazkitik eta argazkilaritzarekin lotutako hainbat txoko dituzte. Bost langile ditu aldizkariak, lanaldi osoan. 4.000 ale argitaratzen dituzte.
Komunikazioa
Soilik harpidetza ordaintzen dutenek jasoko dute postontzian 'UK' aldizkaria
Urtean 20 euroko harpidetza kuota hasiko dira kobratzen; gune publikoetan doan banatzen segituko dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu