Xabier Larrazabal. 'Soinu ehiztaria' saioko aurkezlea

«Soinu ehizan irudi ederrak hartu ditugu; plus bat emango diote saioari»

ETB1ek 'Soinu ehiztaria' elkarrizketa saioa estreinatuko du gaur (22:40). Aurreneko atalean, Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaile ohia izango da gonbidatua. Larrazabal elkarrizketatzailea estreinakoz ari da telebistan.

EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Zazpi urte dira Xabier Larrazabal (Bilbo, 1986) Euskadi Irratian hasi zela; bost denboraldi egin zituen Faktoria-n, eta bigarrena du Hiri Gorrian saioan. Aurreneko aldiz ariko da kameraren aurrean telebista saio bat aurkezten. Elkarrizketak egiten eta soinuak ehizatzen.

Irratitik telebistara. Gogoz hartu al duzu hedabide aldaketa?

Zerbait ezberdina probatzeko modua emango dit Soinu ehiztaria saioak. Proposamena egin zidatenean, kuriositatez hartu nuen. Beste komunikabide batek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera bat da. Proba egiteak tentatu nau gehien.

Elkarrizketez aparte, protagonisten soinuen bila ibiliko zara. Zer berezitasun ematen dio horrek programari?

Elkarrizketa pertsonalak dira. Baina azala aldatzen da. Gonbidatuek proposatuko dituzte beren bizitzetan presente izan dituzten soinuak, eta horiek aparteko balioa emango diote saioari. Protagonisten bizitzaren beste une batzuk ezagutzeko modu bat eskainiko dute.

Lander Garro saioko zuzendariak esan zuen erreflexu handiak dituzula elkarrizketatuaren diskurtsoan pitzadurak aurkitzen.

Ez nuke nik halakorik esango. Saioan solasaldi normal bat dago. Batzuetan, burutsuago zabiltza, eta beste batzuetan, ez. Elkarrizketatuaren araberakoa da, baita zu zeu nola zauden ere.

Elkarrizketatuak zertxobait estutuko al dituzue?

Ez gehiegi. Azken finean, elkarrizketa pertsonalak baino ez dira. Kuriositatea izan dezaket kontu batzuekin edo besteekin. Baina ez nuke esango estutzeko elkarrizketak direnik. Pertsonaien bizimodua izango da saioaren ardatza.

Bisualki, oso berezia izango al da programa?

Bai, hori badauka. Irudi oso politak daude, alor hori zainduta dago. Soinu ehiza egiten dugunean, hainbat irudi ederrak dira. Iruditzen zait tarte hori ondo geldituko dela. Soinuen kontuak plus bat ematen dio programari.

Zure soinu gogokoak zeintzuk dira?

Gonbidatuek asko pentsatzen dute zeintzuk diren gogoko soinuak. Nik ez nuke jakingo esaten. Bizitzan ondo arakatuz gero, hor nonbait izango da baten bat.

Euskadi Irratian Hiri Gorrian saioan segituko duzu. Zer du irratiak telebistak ez duena?

Askeagoa da. Irudien menpe ez egote horrek askatasuna ematen du, eta asko eskertzen du askatasun hori. Telebistan mila faktore daude kontuan hartzekoak. Irratiak erosotasun bat ematen dizu, eta zu zeu izateko hobea da.

Euskal komunitatean, Euskadi Irratiak kritika hobeak ditu ETB1ek baino. Zergatik?

Euskadi Irratia zainduago dagoelako ETB1 baino. Euskadi Irratiak egun osoan dauka zer eman; ETB1ek, zoritxarrez, ez.

EITBren ereduaz asko hitz egin eta idazten da. Zein herrialdetako ereduari begiratu beharko genioke?

EITBn, euskarazko edukiek izan beharko lukete lehentasuna. Horri begira egin beharko litzateke dena. Toki bakoitzeko eredua ezberdina da, eta ez nuke gurea beste herrialde batekin alderatuko.

ETBn sarri berandu samar hasten da prime-time-a. Zer iritzi duzu ordutegiez?

Saio garrantzitsuak beranduegi hasten dira. Saio batek kateatzen bazaitu, oso berandu sartzen zara ohera. Prime-time-a aurreratu egingo nuke.

Hiri Gorrian ez balitz, nolako formatua egingo zenuke irratsaio bat zuretzat propio eskainiko balizute?

Gura dudana egiteko esango balidate, orain egiten duguna egingo nuke. Oso gustura nabil Hiri Gorrian egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.