Kazetaritza ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egin zituen Barbara Sarrionandiak (Bilbo, 1985). Aurten amaitu du Gizarte Komunikazioko doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitatean.
Doktore tesian aztertu duzu komunikabideetan nola heldu dioten adimen artifizialari. Nola egin duzu ikerketa?
Nire ikuspegia mistoa izan da: zuzendarien ikuspegi estrategikoa erredakzioaren egunerokoarekin uztartu dut. Alde batetik, elkarrizketa sakonak egin nizkien hedabideetako berrikuntza arduradunei eta arduradun teknikoei; bestetik, bostehun kazetari baino gehiagori inkesta bat egin genien, adimen artifizialeko tresna horiek nola erabiltzen dituzten ikusteko.
Sei hedabide hartu dituzu aintzat ikerketan.
Hedabideetako ekosistema aztertu dut, erreferentziazko sei hedabideren bidez. Funtsezkoa da hizkuntza gutxituetan lan egiten duten hedabideak ikertzea, zeren adimen artifizialaren arazoak ez dira berdinak gaztelaniaz edo euskaraz jarduten dutenentzat.
Hego Euskal Herriko kazetarien ia erdiek uko egiten diote adimen artifiziala erabiltzeari, zalantza etikoak direla eta. Baina aldaketak ari dira gertatzen, ezta?
Esango nuke zuhurtzia estrategikorako trantsizio bat dagoela. Hasieran, beldur handia eta erabateko arbuioa zegoen; orain, kazetariak hasi dira bereizten AA giza ordezko gisa —errezeloa sortzen du horrek— eta AA laguntza tresna gisa. Kazetariek ez diote uko egiten teknologiari. Baina tentuz dabiltza.
Badira konturatu gabe adimen artifiziala erabiltzen duten kazetariak ere; herritar askok egiten duten antzera, bide batez.
Erabat ados nago horrekin. AA sartuta dago posta kudeatzaileetan, bilatzaileetan eta erabiltzen ditugun idazteko tresnetan. Jende askok zera dio: «Nik ez dut AA erabiltzen», eta zuzentzaile automatiko bat erabiltzen ari den bitartean dio hori. Agerikoa da alfabetatze algoritmikoa falta dela.
Itzulpenak, zuzenketak eta transkripzioak gero eta hobeak dira. Tresna onak dira?
Lan karga mekanikoa arintzeko tresna bikainak dira. Gainera, horiek izaten dira kazetaritzako konturik aspergarrienak. Gero beti errepasatu behar da, noski. Baina tresna horiek denbora utz dezakete benetan balioa duten lanetarako: ikerketa, kontrastea eta analisia. Sormena eta erantzukizun editoriala makinaren esku ez uztea da gakoa.
Baina beti egiaztatu beharko da dena, ezta?
Gaur egungo kazetaritzaren lehen mandatua da hori. Adimen artifiziala laguntzaile bikaina da, baina ez du inoiz editore nagusia izan behar. Tresna horiek haluzinazioak dituzte: datuak asmatzen dituzte. Eta joera ezkutuak ere badituzte. Giza egiaztapena ez da aukera bat, sinesgarritasunari eusteko beharrezko oztopoa baizik.
Ikerketan ondorioztatu duzu informazioaren fluxu automatizatuak ez direla neutroak: estereotipoak errepikatzen dituzte, eta gizonezkoen iturriak lehenesten dituzte modu automatikoan. Garrantzitsutzat jotzen duzu horretan arreta jartzea?
Hain zuzen ere, hori da aurkikuntzarik kezkagarriena. Ikusi dudanez, automatizatutako ereduek balio politiko edo ekonomiko handiko albisteak prozesatzen dituztenean, gizonezkoen iturriak lehenesten dituzte. Adimen artifiziala iraganeko datuekin entrenatzen baldin badugu, joera batzuk automatizatu eta anplifikatu egiten ditu. Gurpil zoro bat da, eta zuzentzen ez badugu, etorkizuneko kazetaritza ez da gaurkoa bezain askotarikoa izango. Eta ez da justua izango; gaur egun baino bidegabeagoa, alegia.
«Adimen artifizialak ezingo ditu ordezkatu giza begirada, enpatia, testuinguru kulturala eta komunitatea eraikitzeko gaitasuna»
Aurrerantzean ere gai horiek ikertzeko asmoa duzu?
Bai, horixe. Etengabeko mutazioan dago adimen artifizialaren esparrua. Nire asmoa da ikertzen jarraitzea tresna horiek nola eragiten dioten informazio subiranotasunari, eta nola berma dezakegun euskarak bere lekua izatea paradigma berri honetan; hain zuzen ere, algoritmo globaletan euskara bigarren mailako hizkuntza bihur ez dadin.
Datu batzuk bizkor iraungitzen dira...
Egia da, baina ikerketa akademikoaren balioa ez da soilik datu estatikoa, baizik eta metodologia eta aldaketaren atzean dagoen logika ulertzeko gaitasuna. Gaur txatbot bat dena bihar sistema autonomo bat izango da. Baina etikari eta kazetaritzaren erantzukizunari buruzko galderak berberak izango dira.
Kazetaririk izango al da etorkizunean?
Jakina, baina kazetarien rola eta lan egiteko moduak aldatu egingo dira. Adimen artifizialak prozesamendu eta laburpen lanak egingo ditu, baina ezingo ditu ordezkatu giza begirada, enpatia, testuinguru kulturala eta komunitatea eraikitzeko gaitasuna. Kazetaritza ez da informazioa bakarrik; konfiantza da. Eta konfiantza ezin da automatizatu. Adimen artifizialarekin lan egiten dakiten kazetariena izango da etorkizuna.