Hainbat saiotako aurkezle gisa eta aktore lanetan ibili ondoren, su artean egotea egokitu zaio orain Ibon Uzkuduni (Eibar, Gipuzkoa, 1973). Menú Estress sukaldaritza lehiaketa aurkezten du, eta sukalde inguruan badabil ere, prestatutako platerak usaindu besterik ez ditu egiten: epaimahaikideak dira platerak dastatu eta baloratzen dituztenak. Astelehenero ikus daiteke ETB2n, 22:15ean.
Sukaldari trebea izan behar al da 'Menú Estress'-eko sukaldetik onik ateratzeko?
Sukaldaritzan jaioak diren lehiakideak izaten ari gara, eta aukera izan nahi dutenak. Hau da, etxean ondo aritzen direnak, eta telebistan ondo moldatuko liratekeela pentsatzen dutenak. Gainera, telebistan murgiltzeko aproposa den jendea bilatu dugu; fokuekin, kamerekin eta abar lan egitea etaetxean aritzea ez baitira gauza bera. Baina, oro har, jende prestatua izaten ari gara saioan: elkarteetan ibiltzen direnak, etxeko andre-gizonak... Kalitate puntu bat eman nahi izan diogu saioari.
Estresa plateretako osagai nagusia al da?
Sukaldean ondo moldatzen jakinda ere, arazoak izan ditzakete parte hartzaileek, estresa eta nerbioak direla eta. Ez da berez zailtasun asko jartzen dituen programa, baina sukaldean ibiltzeko denbora muga bat izateak urduri jar diezaieke.
Saio bakoitzeko irabazleak lortzen al du finalerako txartela?
Programa bakoitzean lau, lehiakidetatik batek irabazten du, baina horrek ez du esan nahi pertsona hori finalera helduko denik. Lau kategoria daudenez —lehen platera, arraina, haragia eta postrea—, saio batean puntuazio altuena lortu gabe ere, saio guztien artean punturik gehien eskura ditzake norbaitek bere kategorian.
Sukaldean egin behar dena eta ez dena ikasteko modua da 'Menú Estress' ikustea?
Ikuslea entretenitzea eta ondo pasatzea da helburua. Saio arina, azkarra eta dinamikoa egin nahi genuen. 45 minutuko programa freskoa da, eta sukaldaritzako eztabaida positibo bat sortzeko ideia du lehiaketak. Ikusleak komenta dezan nahi dugu: «Zergatik bota dio osagai hori arrainari? Beste osagai hau aproposagoa da!».
Ez al dira menuko plater batzuk besteak baino errazagoak egiteko?
Menua prestatzerakoan antzerako zailtasuna duten platerak jartzen saiatzen gara. Zailtasuna ez ezik, platera egiteko behar den denbora ere kontuan hartzen dugu. Bi ordu uzten dizkiegu horretarako. Bertako plater asko daude menuetan; Euskal Herriko platerak: bakailaoa pil-pilean, Tolosako babarrunak euren sakramentu eta guzti, pantxineta...
Nondik sortu zen sukaldaritza eta lehiaketa uztartzeko ideia?
Berrikuntza izan da horrelako saio bat prestatzea. Telebistan geroz eta programa gehiago daude aukeran; pastela geroz eta banatuagoa dago: LTDa, plataforma digitalak... Baina orain arte izan ditugun saioetan audientziak gora egin du, eta erakusten du jendeak formatu hori gustuko duela. Lehiaketa bat prestatzea erabaki genuen, eta zer hobeto, Euskal Herrian egonda, sukaldaritza lehiaketa bat egitea. Pertsona arruntek erakusteko aukera dute Euskal Herrian oso maila altua dugula.
Noiz arte ikusi ahal izango da 'Menú Estress'?
Sailkatzeko hamalau saio izango dira, eta ondoren, finala. Astelehen guztietan eskainiko dugu, eta iraila erdialdera arte iraungo du gutxi gorabehera.
Komunikazioa. Ibon Uzkudun. 'Menú Estress' lehiaketako aurkezlea
«Sukaldaritzako eztabaida positibo bat sortu nahi dugu lehiaketaren bidez»
Uzkudunek aurkeztutako saioan, menu bateko lau plateretatik bana prestatzen dute lehiakideek. Guztiek, ordea, gainditu beharreko hesi bat izango dute aurrean: estresa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu