Etzi hasiko du bigarren denboraldia ETB1eko Finlandia umore saioak. Aurten, larunbatetan eman beharrean, igande gauetan emango dute programa, 21:30ean. Aurreko denboraldian bezala, Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendia izango diraaurkezle nagusiak, eta saioan parte hartuko dute, ohi bezala, Anjel Alkain, Mikel Pagadizabal, Jon Iraola, Egoitz Lasa, Mikel Laskurain eta Asier Sota aktoreek.
On Time ekoiztetxeak egiten duen saioaren formatuari eutsi egingo diote. Hala ere, tarte berri batzuk sartuko dituzte. Ze ai oteye? izenburuko tartean, jende famatua «bizitza errealean» nola ibiltzen diren azalduko dute: Nola eskatzen du kreditu bat Freddy Mercuryk? Zer egiten du Mikel Olazabalek sagardotegian? Nola lapurtzen dute banku bat Iñaki Perurenak eta Jose Mari Olasagastik? Modu horretako egoera berriak islatuko dituzte esketxen bitartez.
Horrez gain, Joseina Etxeberriak atal bat izango du. Etxeberriak Gaztea irratian martxan jarri duten lipdub lehiaketaren nondik norakoak erakutsiko ditu Finlandia-n: lehiakideek bidali berri dituzten bideoak, iazko onenak eta munduko lipdub onenak erakutsiko dituzte.
Asteroko platoko gonbidatuei dagokionez, beti bi gonbidatu batera eramango dituzte Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendiarekin solas egitera. Halaber, Jon Iraolaren Iraola Tecnologies atalean, bideo jokoetan lehian jarriko dituzte bi gonbidatuak.
Eriz magoa ere programan izango da igandero. Kerman mintzalagun bila bereziak jarraipena izango du. Eta, ohi bezala, Konjuntuba-ren kanta batekin amaituko dute saioa. Igande honetan, Bonny M-ek Mandubin abestuko du.
Etzi, Agirretxe eta Koikili
Denboraldi berriko aurreneko bi gonbidatuak Imanol Agirretxe eta Koikili Lertxundi izango dira, Realeko jokalaria aurrenekoa eta Athleticekoa bigarrena. Platoko zenbat ataletan parte hartuko dute. Aurten bi gonbidatuak lehia bereziren batean jarriko dituzte, eta igande honetako saioan sumo txapelketa batean ariko dira: bi futbol jokalarien helburua Aitziber Garmendia aurkezlea borroka eremutik botatzea izango da.
Desapiyua ere badakar denboraldi honetan Finlandia-k. Olaberriko karting zirkuituan jokatuko da beti Desapiyua, eta hainbat herritako kuadrillek hartuko dute parte.
Igande honetako saioan,, garai bateko ETBko Aire Aire programa gogoraraziko dute, Jose Mari Iriondo eta Ainhoa Goikoetxea parodiatuz. Goenkale-ko kontuez ariko dira bertan.
«Umore familiarra»
Anjel Alkainek Finlandia-ren aurkezpenean iragarri zuen «umore familiarra» egiten saiatuko zirela, «adin guztietarako». Halaber, eduki ahalik eta informalenak egiten saiatu dira programa otsailean estreinatu zutenetik.
Alkain iaz Euskadi Irratiko Oilategia-n aritu zen, baina aurten Ilaski Serranok ordezkatu du. Radio Euskadiko Antes de mirar cruzar tartea egiten jarraitzen du, Aitor Gabilondorekin.
Komunikazioa
Tarte berriak dituela itzuliko da igandean 'Finlandia' umore saioa
Joseina Etxeberria 'lipdub' lehiaketaz ariko da, eta 'Ze ai oteye' atalean jende ospetsua imitatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu