Elhuyar Fundazioak ETBrentzat ekoizten duen Teknopolis saioa 300. atalera iritsiko da bihar. Itsas munduari buruzko programa berezia izango da. ETB2 katean 09:45ean ikusi ahalko da, eta ETB1en 15:30ean. Asteazkenean, berriz, ETB3 katean emango dute, 23:00etan. Gainontzeko atalak bezala, http://teknopolis.elhuyar.org webgunean ikusteko modua ere izango da.
Bilboko Itsas Salbamenduko aginte postuan hasiko dute 300. saioa, han zer eta nola egiten duten erakusteko gidatutako bisita baten bidez. Helikopteroa ere erakutsiko diete saioko lan taldekoei. Handik, Maria de Maeztu itsasontzira pasatuko dira, barrutik nolakoa den ezagutzeko.
Bartzelonara joko du gero programak. EHUko Natutika Eskolako ikerketa talde batek itsasorratz birtual bat garatu du, uneoro benetako iparra markatzen duena. Itsasorratza probatuko dute Bartzelona-Balear uharteak bidaia egiten duen ferryetako batean. Bartzelonako egonaldia baliatuta, itsasorratz fabrika bat bisitatuko dute, gailu horiek nola egiten diren ikusteko. Eta itsasotik hegan egitera. Nagore Rementeria saioko kideak Empuria Bravan dagoen paraxutismo eskola bat bisitatuko du, Egoitz Elorza pilotuaren laguntzaz.
Programa bukatzeko martxoko argazki-lehiaketa nork irabazi duen azalduko dute.
Asebio-Genoma saria
Teknopolis-ek 300. saiora iristearekin batera, badu pozik egoteko beste arrazoi bat: duela gutxi jakin du Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio-Genoma España sarietan lehenengo saria eskuratu duela. Bizitza laborategian ernaltzen denean erreportajea izan da saritua.Duela bi urte Europako Johnson & Johnson Popular Science TV Award saria jaso zuen Elhuyarren programak.
Komunikazioa
'Teknopolis' 300. atalera iritsiko da bihar, itsas munduan barneratuta
EHUko Nautika Eskolak garatutako itsasorratz birtual bat probatuko dute ferry batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu