«Lifting-a eginda» agertuko da Teknopolis zientzia eta teknologia saioa ETBko pantailetara datorren asteburuan. Hala iragarri zuen atzo Iñaki Leturia aurkezleak, sasoi berria aurkezteko eginiko aurkezpenean, Errenteriako (Gipuzkoa) Tknika Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroko Jakinduriaren Basoa aretoan. Izan ere, atalak eta edukiak berdin jarraitu arren, grafikoki eraberritu egingo dute goitik behera saioa.
«Telebistan irudia berritzen ez baduzu, berehala geratzen zara zaharruno», esan zuen Alaitz Otxoa de Eribe saioaren webgunearen arduradunak. Grafismo guztia, Interneteko gunea (http://teknopolis.Elhuyar.eus/) eta sakelakorako bertsioa erabat aldatuko dituzte. Azken horretan, bideoak gaika ikusi ahalko dira aurrerantzean. Arreta handia eskaini diote webguneari, gero eta ikusle proportzio handiagoa duelako, telebistarekin alderatuta.
Larunbatetik aurrerakoa Teknopolis-en hemeretzigarren sasoia izango da. «Gaztaroan dago tartea, eta aberastuz joan da, joera berriei eta gizarteari begira», adierazi zuen Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusiak.
Irudi aldaketarekin bi gauza lortu nahi izan dituzte: batetik, saioaren estetika modernoagotu, eta, bestetik, ETBko irudi orokorrarekin bateratu. Elhuyarrek eta ETBk ekoizten duten saioa telebistan gehiago integratzeko beste urrats bat egingo dute: Teknopolis-en landutakoak sarriago txertatuko dituzte ETBko albistegietan. Orain, astero lantzen dituzte ETBko albistegietan saioak aurreraturiko albisteak.«Dagoeneko harreman estua dugu ETBko albistegietakoekin, geuk primiziak izaten ditugulako, eta gaiak lantzea errazago zaigulako egunero egiten dugulako lan ikertzaileekin», esan du Nagore Rementeria saioaren zuzendariak. Adibide gisa, azken boladan hainbat kobazulotan eginiko aurkikuntzak zabaltzen eginiko lana aipatu du. ETB1en larunbatero emango dute saioa, 13:30ean. Iñaki Murua Tknikako zuzendariak esan zuen ez dela gazteak erakartzeko ordutegi aproposa. Itziar Azpeitia ETBko Programa Saileko arduradunak erantzun zion halako saio bat ezin dela prime time-an eman; gazteek, gainera, Interneten ikusteko joera dutela, Nahieran zerbitzuaren bidez. Pirinioetako Monte Perdidoko glaziarrean zientzialari talde batek eginiko azken azterketak erakutsiko dituzte sasoi honetan. Baita matematikariek artzain txakur lehiaketetan eginiko analisiak ere.
'Teknopolis', itxura berriz eta ETBn integratuago
Zientzia eta teknologia saioak hemeretzigarren sasoia abiatuko du larunbatean. Indar handiagoa emango diote webguneari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu