'Teknopolis' larunbatean itzuliko da, Irulegiko Eskuaz hizketan

ETBko programa 26. denboraldira iritsi da. Iñaki Leturia izango da aurkezlea, iaz bezala

Teknopolis saioaren 26. denboraldia Bilbon aurkeztu zuten atzo, EHUko Bizkaia Aretoan. ELHUYAR.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Irulegiko Eskuak askorako eman du azkeneko hilabeteetan. Askorako emango du aurrera begira ere. Eta aurkikuntzaren garrantziaz jabetzeko gakoak emango ditu ETBko Teknopolis saioak datorren larunbatean: testuingurua, protagonisten bizipenak... Aurkikuntza horren gaineko emanaldi bereziarekin hasiko du Teknopolis-ek bere 26. denboraldia. ETB1ek zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programa larunbatetan emango du, 13:30ean —gaztelaniazko bertsioa, berriz, ETB2k igande eguerditan emango du—.

Elhuyarrek ekoizten duen saio berriaren denboraldia Bilbon aurkeztu zuten atzo. Iragarri dutenez, «inor gutxi iristen den lekuetan» izango da aurten telebista programa: Goizuetako (Nafarroa) erreketan bizi den uhandre piriniotarraren berri emango dute, Atapuercako (Espainia) aztarnategia erakutsiko dute, biltegi automatiko modernoenen sekretuak bilatuko dituzte, eta euskal kostaldera iritsiko den zientzia espezidio baten berri ere emango dute. Datozen asteetan landuko dituzten gaien artean egongo da ugalkortasunaren jaitsiera ere. Saioak, ohiko moduan, 30 minutuko iraupena izango du.

Aurreko denboraldian bezala, saioko aurkezlea Iñaki Leturia Iurrita izango da. Saioko zuzendariak Leturia bera eta Nagore Rementeria Argote izango dira.

Ingurumen dekalogoa

Mende laurdeneko esperientzia du zientziari eta teknologiari eskainitako saioak. Heldutasun horrekin, Elhuyarrek gaiak oso modu kontzientean eta arduratsuan lantzen ditu. Genero ikuspegia aspalditik du txertatua Elhuyarrek, baita hizkuntzarena ere, eta aurreko denboralditik klima larrialdiaren inguruko gizarte ardura barneratu du. Barneratu ez ezik, Elhuyarrek dekalogo bat osatu du ingurumenari eta klima larrialdiari buruzko gaietan jarduteko. Teknopolis saioak ere bere egingo du dekalogo hori.

Elhuyarreko ordezkariek nabarmendu dute hastapenetatik «komunitatea eraikitzea» izan dela bere xede nagusietakoa, eta telebista saioak ere helburu hori du. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko egiten du lan Elhuyarrek. «Baina lan hori ez du Elhuyarrek bakarrik egiten; komunitate oso baten laguntza dago atzean: babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak eta zientzia edukiak kontsumitzen dituzten herritarrak», esan du Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Bilboko aurkezpenean izan dira saioko babesleetako ordezkariak ere. Hauek dira aurtengo babesleak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikaturiko ikerketa eta berrikuntzako zentroa, eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.