Telebista eta, oro har, komunikabideen gaia gertutik jarraitu dute Jakin aldizkarian. EITB sortu zutenetik 30 urte igaro dira, eta zenbaki berezia kaleratu du orain aldizkariak, euskal telebistagintza gai nagusitzat harturik. Zortzi adituk, gehientsuenak unibertsitate eremukoak, landu dituzte bertan aztertzen diren gaiak. Euskal telebistagintzaren azken 30 urteetako gainbegiratua etaetorkizuneko erronkei buruzko gogoeta egiten dute sei ataletan, gaiaren inguruko eztabaida gizartean pizteko xedez.
Josu Amezaga EHUko irakasleak Euskal Telebistaren azken 30 urteetako balantzea egin du. Europako beste hizkuntza gutxituetan aritzen diren telebistak hartu ditu abiapuntu horretarako. «Telebista horietan hizkuntza gutxitua hitz egiten ez duen populazioarengana nola hurbiltzen diren aztertu dut», azaldu du Amezagak. Kasu horietan guztietan, dagokion hizkuntza gutxituan ematen dituzte saioak, baina teknologia —azpidatziak, emankizun elebidunak— baliatzen dute gainontzekoengana hurbiltzeko. «Baina zentroa hizkuntza gutxitua da».
EITBko kasua bestelakoa da: bi helburu nagusirekin jaio zen; batetik, euskara normaltzeko tresna gisa; eta bestetik, garai hartan eratzen ari zen erakunde politikoa sendotzeko. 1986an gaztelaniazko katea sortzeko erabakia mugarria izan zen telebistaren bilakaeran. Hortik aurrera, ETB1 erabili zuten euskara sustatzeko, eta gaztelaniazko katea jende ororengana iritsi eta komunitate politikoa indartzeko. Eredu bikoitz horrek ekarritako ondorioen analisia egiten du Amezagak: «Bigarren helburu politiko hori nagusitu egin da, eta euskara suspertzearen helburua bigarren maila batean geratu da. Euskarari kalte egin dio eredu horrek. Gauza garrantzitsuak gazteleraz ematen dira».
Ikus-entzunezko sektorea
ETBren azken 30 urteetako balantzeaz gain, beste hainbat gai ere jorratu dituzte zenbaki bikoitzean. Ramon Zallo EHUko irakasleak euskal komunikazio sistemaren arauketaren inguruko erronkei buruz idatzi du, eta komunikazioaren eta kulturaren erronka nagusiak deskribatu ditu.
Patxi Azpillaga EHUko irakasleak ikus-entzunezko industriaren gaiari heldu dio. Industriaren hastapenak azaldu ditu; azken hamarkadan jarri du arreta, eta telebistarako eta zinemarako ekoizpena bereizi.
Azken hamarkadako aldaketek sektorea egonkortu dutela dio: «Euskal Telebista zinema ekoizpenean parte hartzea giltzarria izan da bertako zinemagintza egonkortzeko eta euskarazkoa egiten hasteko».
Ikus-entzunezko enpresak, ordea, ez dira gai izan kanpoko merkatuetan sartzeko, eta ETB dute bezero ia bakarra. «EITBko murrizketek modu garrantzitsuan eragingo dute sektorean, eta baldintzak txartzeko tentazioa egon daiteke», azaldu du Azpillagak.
Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak euskarazko komunikazio esparrua deritzona antolatzearen garrantziaz idatzi du. Euskarazko telebistari buruzko politika publikoak eta estrategia sozialak berritzeko premiatik abiatuta, gogoetarako gaiak aurkeztu ditu.
Arkaitz Martinez de Albeniz Aztikerreko ikerleak eta Edorta Arana EHUko irakasleak euskal hedabide publikoen albistegiak aztertu dituzte, gaietan, subjektuetan eta, oro har, erreferentziatzat hartzen dituzten eremu geopolitikoak ardatz hartuta.
Azkenik, Bea Narbaiza eta Maite Berriozabal EHUko irakasleek tokiko telebisten gaia aztertu dute. Telebista horiek eginiko ibilbidea, eta sektoreak izan dituen arauketa eta euskarari eskainitako lekua aztertu dute lanean. Horrez gain, astebetez tokiko telebista guztien jarraipena egitea posible dela erakutsi dute.
Komunikazioa
Telebistagintzari buruzko eztabaida pizteko, adituak bildu ditu 'Jakin'-ek
Azken 30 urteetako ibilbidearen azterketa eta etorkizunera begirako gogoetak kaleratu ditu aldizkariak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu