Isaki Lacuestarekin batera zuzendu zuen Pol Rodriguezek (Bartzelona, 1977) Segundo premio filma; Malagako jaialdiko Urrezko Biznaga saria eta zuzendaritza onenaren Goya saria irabazi zituzten. Elkarrekin aritu dira orain ere Ravalear telesailean. Donostiako Tabakaleran lehen atala ikusi ahal izan zen, martxoaren 24an, Crossover jaialdian.
Ravalear telesailak «espekulazioaren munstroari» begiratzen dio. Zure hitzak dira, zure bizipenak.
Bai. Ravalear telesailean, gure familian gertatu zitzaiguna da inspirazio iturri. Nire familiak 90 urtez jatetxe bat izan zuen Bartzelonako Raval auzoaren bihotzean. 2021ean, pandemiaren erdian, etxegabetu egin gintuzten. Zazpi urte generamatzan inbertsio funts batekin borrokan, eta bat-batean kaleratu egin gintuzten. Funtsekin negoziatzeko prozesu horretan hasi nintzen interesatzen gai horien inguruan... Bat-batean, fikzioa sartu zen nire bizitzan, eta konturatu nintzen osagai perfektuak zeudela higiezinen espekulazioari buruzko thriller bat egiteko. Pistolarik eta drogarik gabeko thriller bat da telesaila; guk bizi izan genuen itomen sentsazioa ere kontatzen dugu.
Gehiago ere bai, ezta?
Gaur egungo Bartzelonari buruz hitz egiten duen telesail bat dela uste dut. Baina munduko edozein hiriri buruz hitz egiten duen telesail bat ere bada. Raval auzoan gertatu dena beste leku batzuetan gertatzen ari baita; kasurako, hemen, Donostian. Etxebizitza apurka-apurka gizartean desberdintasuna markatuko duen osagaia da; eta politikaren eremutik ez badute hori konpontzen, benetako arazo larria bilakatuko da. Nire seme-alabengan pentsatzen dut, eta irudikatzen dut ea haiek bizi ahal izateko pisu bat eduki ahal izango duten ala ez.
Esan daiteke telesaila thriller errealistaren generokoa dela?
Bai, thriller hiperrealista bat da. Fantasia hiperrealista ere deitzen diot; zinemak edo telesailak, nolabait, gertatu zen guztiaz mendekatzeko aukera eman dit. Jarduera ekonomiko horiek gero eta gehiago itotzen dituzte herritarrak. Hortaz, herritarrek bakardadean beren burua nola defendatu behar duten azaltzen duen istorio bat kontatu dut. Zera planteatzen dut, noraino irits zaitezkeen zure ingurukoak eta zure familia salbatzen saiatzeko.
Jatetxe baten sukaldea eta auzo baten bilakaera uztartu dituzu. Memoria ariketa bat ere izan da?
Telesailak, batetik, hirien inguruan hitz egiten du: aldatzeko bidean atzean uzten dutenaz. Eta izugarri interesatzen zitzaidan hori jatetxe baten sukaldera ere eramatea. Funtsean, bizitza osoko familia negozio baten eta negozio hori hartzen duten belaunaldi berrien arteko belaunaldi historia dago hor.
HBO Max plataformak berehala eman al zion baiezkoa proiektuari?
Bai. Egia esan, oso erosoa izan da haiekin lan egitea; proiektua planteatu genienean, berehala ikusi zizkioten aukerak. Horrek ere pixka bat azaltzen du gizartea nola aldatu den: duela bost urte, agian, proiektu hau ez lukete hain erraz babestuko. Baina orain publiko bat bada gai horretan interesatua. Etxebizitzaren arazoa hain zabalduta dago, non arazo horri buruz hitz egingo duten telesailak egiteko aukera ere badagoen.
Isaki Lacuestak eta biok nola osatzen duzue elkar zuzendaritzan?
Oso modu errazean. Biok pentsatzen dugu ez dagoela leku hoberik lagun batekin egoteko, filmaketa set bat baino. Joaquim Jorda Bartzelonako zinemagilearekin gurasoen jatetxera etorri zen behin duela 25 urte, eta ordutik ezagutzen dugu elkar Lacuestak eta biok. Oso erraza da Isakirekin lan egitea; oso sortzailea da, eta taldean lan egitea gustatzen zaio.

Raval auzoko jendeak ere parte hartu al zuen filmaketan?
Bai, hasiera-hasieratik; ahalik eta thriller errealistena izatea nahi nuen. Hain zuzen ere, Ravalen bertan zuzenean filmatzea erabaki genuen. Auzoaren erdian eraiki behar izan genuen jatetxe bat, errealitate hori nolabait leihoetatik iragazi ahal izateko. Egia da proiektuan eskarmentu handiko aktore bikainak daudela: Enric Auquer, Maria Rodriguez Soto, Francesc Orella, Sergi Lopez... Baina, aldi berean, auzoak ahalik eta parte hartzerik handiena izatea nahi nuen. Auzoak eta auzokideek. Istorioan auzoko jendea ageri da; nork bere arazoak ditu, eta uste dut oso ondo egokitzen direla telesailean. Raval auzoaren erretratu fidagarria da. Errealismo guztia islatzen saiatu gara castingean, dekoratuan eta baita filmatzeko moduan ere: toki errealetan filmatu dugun bezala, benetako jendearekin aritu gara.
Eta hizkuntzen hautaketa?
Soinu diseinu osoa nabarmenduko nuke; familiak nagusiki katalanez hitz egiten du, katalanak direlako. Baina auzoan urduz hitz egiten da, arabieraz hitz egiten da, frantsesez, ingelesez... Telesaila entzunez, soinu diseinuaren arabera, zer tokitan zauden jakin dezakezu. Hiriaren soinu erretratu bat dago hor.
Zer moduzko harrera izan zenuten Berlinalen?
Zoragarria izan zen Berlinera joan ahal izatea telesaila aurkeztera; alde batetik, abiapuntu gisa balioesten zaitu, eta telesailak nazioartean duen balioaz ohartzen zara. Berlingo zinema jaialdiak mundu osoko sei telesail aukeratzen ditu, eta, beraz, haietako bat zen gurea. Harrotasun handiz hartu genuen, eta harrera oso ederra izan zen, ikusgarria. Adrenalina txute on bat bagenu bezala irten ginen handik.
HBO Max plataformak estreinatuko du telesaila. Paramounten esku geldituko dela diote berrietan...
Inoiz ez dakizu etorkizunak zer ekarriko dizun. Espainiako Kongresurako hurrengo hauteskundeen ondoren ere, auskalo zer gertatuko den ikus-entzunezko edukiekin, kulturarekin... Edonola ere, guk borrokatu egin behar dugu; esan nahi dut, sortzaile gisa bidegabekeria batzuen aurka borrokatu behar dugu. Errebeldia sentimendura jo nahiko nuke, matxinada sentimendura, arazoei aurre egin ahal izatera eta horiei buruz eztabaidatzen saiatzera.