Torrent trafikoa berriz areagotu da, 'streaming' zerbitzuek eraginda

Plataformek produktu esklusiboak izateak eragin du «pirateriaren» igoera, ikertzaileen arabera

Scott Stuber ekoizlea, Joel eta Ethan Coen eta Netflixen buru Ted Sarandos, joan zen astean, Londresen. NIKLAS HALLEN / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken urteotan asko jaitsi da, baina filmak eta telesailak Internet bidez erabiltzaileen artean trukatzeko trafikoa berriz areagotzen ari da. Hala ondorioztatu du Interneten trafikoa aztertzen duen Sandvine konpainiak, 2018. urteari dagokion txostenean. Adituen arabera, trafikoa murriztu egin zen Netflix eta antzeko plataforma digitalak zabaltzen hasi zirenean, azkenean aukera ematen zietelako erabiltzaileei ikus-entzunezkoak modu azkar eta erosoan eskuratzeko. Baina, orain, Interneten erabiltzaileak berriz itzuli dira trukera, plataformak eduki propioak eta esklusiboak eskaintzen hasi direlako, eta garesti ateratzen delako zerbitzu batean baino gehiagotan harpidetzea nahi diren filmak eta telesailak ikusteko.

Datuekin ilustratu dute joera aldaketa. 2011. urtean, Interneteko gorako trafikoaren ia %60 BitTorrent fitxategiak ziren. Erabiltzaileen arteko trukerako P2P sistemetan erabiltzen da BitTorrent protokoloa. Trafiko hori askoz txikiagoa zen 2015erako: %21 pasatxo. Aurtengo txostenean, ordea, berriz egin du gora; batez ere, AEBetatik kanpo. BitTorrent gorako trafikoaren %32 da egun Europan, Ekialde Hurbilean eta Afrikan.

Nola azaldu igoera hori? Sandvine konpainiako presidenteorde Cam Cullenek «hainbat aukera» aipatu ditu. «Inoiz baino iturri gehiago ari da eduki esklusiboak sortzen, plataforma bakarrean ikusgai daudenak». Horien adibide gisa, HBOren Game of Thrones telesaila aipatu du, Netflixen House of Cards, Huluren Handmaid's Tale eta Amazonen Jack Ryan. «Zerbitzu horietara guztietara heltzea oso garestia da kontsumitzaile batentzat», azaldu du Cullenek. «Horregatik, baten harpidetza egiten dute, eta gainerakoak pirateatzen dituzte».

Plataforma horietako batean harpidetza egiteak zortzi bat euro balio du hilabetean. Baina horrekin plataforma horretako produktuak bakarrik ikus daitezke. Beraz, Interneten azken urteetako joera ikusita, atzerapausoa ekarri du plataformen fragmentazioak.

Netflixek, 137 milioi bezero

Interneten trukeak gora egin arren, Netflixek markak egiten ditu oraindik. Urteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri ditu, eta, horien arabera, zazpi milioi harpidedun irabazi ditu plataformak epe horretan. Dagoeneko 137 milioi harpidedun ditu Netflixek mundu osoan. Harpidedun berrien %84 AEBetatik kanpo lortu ditu konpainiak, ia sei milioi. Urtearen azken hiru hilabeteetan beste 9,4 milioi bezero irabaztea espero du konpainiak. Aurten, denera, 28,9 milioi harpidedun irabaztea espero zuten. Netflix hazten jarraitu arren, fitxategiak partekatzeaez dagoela«hilda» adierazi du Sandvineren txostenak. «Inoizko aukera eta eduki kanal gehien izanda ere, kontsumitzaileek ez dute modu onik interesatzen zaizkien eduki guztietara heltzeko, eta berriz ekin diote pirateatzeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.