TVEko albistegietako kontseiluak bi saioren jarduna salatu du

'Mañaneros 360' eta 'Malas lenguas' programek RTVEn informazioa lantzeko oinarrizko arauak hausten dituztela jaso du txosten batean TVEko albistegietako kontseiluak.

Javier Ruiz eta Adela Gonzalez TVEko aurkezleak. TVE
Javier Ruiz eta Adela Gonzalez TVEko aurkezleak. TVE
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 14a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

TVEko albistegietako langileak ordezkatzen dituen kontseiluak txosten mardul bat osatu du, telebista horretako Mañaneros 360 eta Malas lenguas saioetan jasotako kexuak aztertu ostean. Ondorioztatu dute saio horien ardura editoriala ez dela gardena, eta landutako informazioa kontraesanean dagoela RTVEko albistegi zerbitzuek landutakoarekin. «Saio horiek egunerokoan eta behin eta berriz urratzen dituzte RTVEn informazioa lantzeko oinarrizko arauak», dio TVEko albistegietako kontseiluak.

Mañaneros 360 saioa goizean ematen du TVEk, eta aurkezleak Javier Ruiz eta Adela Gonzalez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) kazetariak dira. Malas lenguas programa, berriz, Jesus Cintorak aurkezten du, eta arratsaldetan ematen dute. Bi kasuetan, ekoiztetxe baten eta TVEren artean koproduzitzen dute.

Bi programetan iritzia eta informazioa nahastu ohi direla salatu du TVEko albistegietako kontseiluak. «Kasu askotan kosta egiten da informazio eta iritzi tarteak bereiztea. Gainera, zenbaitetan programako aurkezleek tesi jakin batzuk defendatzen dituzte, eta kontrako iritziak dituztenak modu desegokian eteten dituzte».

Halaber, tarteka albiste faltsuak sartzen dira saio horietan, TVEko albistegietako kontseiluaren arabera. «Kasurako, UCOko arduradun batek Espainiako Gobernuaren aurkako atentatu bat egin nahi zuela zabaldu zen. Halako gezurrak zabaltzea ez da bateragarria albiste faltsuei amaiera eman nahi zaiela iragartzearekin».

Halako saioak TVEtik kanpo ekoizteak ez duela ondorio onik ekartzen ere salatu du TVEko albistegietako kontseiluak. «Programen ekoizpena kanpora ateratzea 17/2006 legearen eta 2007ko arautegiaren aurka doa». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.