Sei-zazpi egunez Iberiar penintsulako ipar kostaldea zeharkatu eta Fisterrarako (Galizia) bidaia egingo dute hiru lagunek. Txapela buruan saioaren abentura berria abiaraziko dute bihar, berrikuntza ugarirekin. Nabarmenena, garraiobidea: Volkswagen Camper T2 furgoneta zahar batean egingo dute Zarauztik Fisterrarainokoa. Nakor Marquez El conquistador del fin del mundo saioko lehiakide ohiak, Mikel Koeman furgoneta zaleak eta Amets Rosachicle izango dira saioko protagonistak.
Bidaiatzeko modu «alternatiboak» erakutsi nahi ditu saioak, Zigor Aiarza saioko zuzendariaren hitzetan. Horregatik hautatu dute orain bidaia furgonetan egitea. Hendaian trena hartu eta iparralderantz jo zuten lau lagunek aurreko Txapela buruan saioan. «Ez dakit hurrengorik egongo ote den, baina oinez, bizikletaz edo itsasontziz izan zitekeen».
Gainontzeko bidaiariekin hitz egiteko modu errazagoa eskaintzen zuen trenak. Orain, geldialdietan izango badute ere beste jendearekin elkartzeko aukera, bidaian hiru lagunen arteko harremanek emango diote «gatza eta piperra» saioari.
Parte hartzaileen nortasuna oso kontuan hartu dituzte haiek aukeratzeko orduan, Aiarzak azaldu duenez. «Bakoitzak izaera desberdina eta osagarria du ».
Profil osagarriak
Marquezen jaioterrian hasiko dute abentura, Zarautzen (Gipuzkoa). Surfa eta uretako kirolak bultzatu dute El conquistador del fin del mundo saioko irabazlea saioan parte hartzera. Geldialdiak parapentea, zubi-jauzia eta uretako kirolak egiteko baliatuko dituzte.
Koeman izango da furgonetako gidaria. «Berari bost axola zaio nora joango diren. Furgoneten eta auto klasikoen zale amoratua da». Lo egiteko leku aproposak bilatzeaz eta otorduak prestatzeaz arduratuko da.
Rosachicleren helburu nagusia Fisterrara ailegatzea da. «Europan eta munduan hainbeste erromesek egin duten bezala, haren ametsa munduaren amaiera ikustea da. Ametsen helburua espirituala da», dio Aiarzak. Bere kabuz hasiko du bidaia Rosachiclek, baina Marquezek eta Koemanek bidean topatu eta haiekin joatea proposatuko diote.
Furgonetan bidaiatzeak beste mota bateko erraztasunak ere ematen ditu. «Hainbat tokitara hurbiltzeko aukera izango da, askatasun handiagoa ematen dizu. Trenean ezin zara hainbat lekutara joan». Ordutegi aldetik ere «lasaiago» ibiltzeko aukera emango die ibilgailuak.
Halere, hainbat ezbeharren iturburu izango dute furgoneta. Izan ere, 40 urte inguru ditu volkswagenak, eta erronka handia izango dute harekin Fisterraraino iristea. Matxurak eta beste hainbat arazo konpondu beharko dituzte bidean aurrera egiteko.
Hiru protagonistak elkarrekin nola moldatuko diren ikusi ahalko da biharko atalean. Mundaka, Bermeo, Bakio eta Sopela, Bizkaian, eta Castro, Laredo eta Langre, Espainian, bisitatuko dituzte.
Bidaian zehar euskaldunekin egingo dute topo. Esaterako, Castron, Jose Luis Korta bisitatuko dute. Laguna du Marquezek, elkarrekin ibili baitziren ETB2ko abentura reality-an. «Kortak beti bultzada bat ematen dio saioari». Elkarrekin bazkaldu, eta El Conquistador del fin del mundo saioko istorioak gogoratuko dituzte.
Aiarzak road movie gisa definitu du saioa. «Ez da reality bat. Gure asmoa bidaiatzeko era bat erakustea besterik ez da». Nabarmendu duenez, muntatze lan handirik ez dago. «Bi furgoneta besterik ez; protagonistak, batetik, eta talde teknikoa, bestetik».
Komunikazioa
'Txapela buruan' abiatuko dira bihar hiru gazte, Fisterra helburu
ETB1eko bidaia saioa gaur itzuliko da; Zarauztik Fisterrarainoko bidea egingo dute furgonetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu