Txunditzen adituak gara izenburuko leloarekin, ETBko arduradunek udazkeneko programazioa aurkeztu zuten atzo Gasteizen, FesTVal jaialdiaren barnean. Hainbat berrikuntza iritsiko dira datozen egunetan ETB1 eta ETB2 kateetara, eta iraganean arrakastatsuak izan diren zenbait formatu eraberrituta etorriko dira.
ETB1ek bihar egingo du lehen estreinaldia: Ibon Gaztañazpi kazetaria herriz herri auzolanean ariko da igande gauetan Auzolan saioan —sei atal emango dituzte, eta, ondoren, Herri txiki, infernuhandi-ren txanda izango da—. Astelehenean Ahoz aho hasiko da, Azpimarra ordezkatuko duen arratsaldetako saioa. Eta datorren ostegunean Gailurra estreinatuko dute: astero mendi ibilaldi bat egingo dute Andoni Aizpuruk eta Irati Andak, herritar talde batek lagunduta.
Bere garaian arrakastatsuak izan ziren bi saio berreskuratu ditu, bestalde, ETBk: Go!azen eta Udazken loreak. Euskarazko telesail bakarra izango da Go!azen denboraldi honetan —familia osoarentzat da fikzioa—. Aktoreen artean Ramon Agirre, Barbara Rivas, Inma Fernandez eta Karmele Larrinaga izango dira. Udazken loreak perretxikoen inguruko programan, Iro Landaluze da gidaria, eta astero protagonista bat izango du lagun. Saio berean, Anjel Alkainek parte hartuko du. Kaleko jendearekin perretxikoen inguruan mintzatzen eta jolasten ariko da Alkain. Gainera, Euskal Herriko sukaldari onenen sukaldeetan sartuko da.
Udaberrian Batek daki saioa estreinatu zuen ETB1ek, eta atal gutxi batzuk aurkeztu zituen Aitziber Garmendiak. Atal berriekin itzuliko da saioa datorren asteazkenean.
Gu ta gutarrak saioa etzi hasiko da, dinamika aldatuta eta GTG 3x2 izenburuarekin. Txoriene, Zinez eta Pintxo & Pote saioak ere ETB1eko programazioan izango dira. Egunotan ETBko kazetari eta aurkezle batek bere gaixotasun larriaren berri eman du Interneten: Hasier Etxeberriak. Sare sozialetan Sautrela saioaren etorkizunarekin kezka azaldu du Etxeberriak. ETBko iturriek azaldu dutenez, ordea, literatur programak jarraitu egingo du. Aztertzen ari dira jarraipen hori nolakoa izango den. Hitzetik hortzera, EITB Kultura Transit eta Teknopolis saioak ere ez dira faltako denboraldi honetan ETB1en.
ETB2 kateak astelehenean bi saio berri estreinatuko ditu: ¡Qué me estás contando! eta 60 minutos a solas. Lehena ia lau orduko magazin bat izango da, eta aurkezle lanetan Ion Aramendi, Adela Gonzalez eta Klaudio Landa ariko dira. Bigarrenak bi ezkongai sofa batean jarriko ditu; psikologo talde baten begiradapean, bikote ideiala aurkitzea izango da parte hartzaileen xedea. Laster Origen saioa estreinatuko du gaztelaniazko kateak: sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako pertsonak izango dira protagonistak. Hilaren amaierarako dago iragarria Lo que hay que ver zapping saioaren estreinaldia —larunbat eta igandetan emango dute—. Eta azaroan hasiko da El lector de huesos; Dani Alvarez eta Paco Etxeberriarekin, auzitegi medikuen teknikak ezagutuko dituzte ikusleek. Hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta, kasu ezagun batzuk aztertuko dituzte. Cuerpos de élitereality-a izango da beste berrikuntza bat.
'Udazken loreak' eta 'Go!azen' ETB1era itzuliko dira, atal berriekin
Euskarazko kateak 'Auzolan', 'Ahoz aho' eta 'Gailurra' programak estreinatuko ditu egunotan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu