ETB1eko Ur handitan erreportaje saioak emanaldi berezia egingo du gaur, 22:00etan, Olatuaren ostean izenburupean. Aurreko saioetatik pasatu diren lau protagonista aukeratu dituzte, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu zinema aretoan elkartu. Xabier Madariaga kazetari eta saioko aurkezlearekin batera ariko dira solasean Mikele Grande nerabe transexuala, Maite Olea minbizia gainditu duen emakumea, anorexia jasan duen Itxaro Mendizabal eta Xabier Euzkitze harrera aita.
Batetik, lau protagonistek euren atalak ekarriko dituzte gogora, saioan azaldu zirenen testigantzetatik abiatu eta hausnarketari ekiteko. Ondoan dutenaren larruan jarriko dira lau lagunak. Bestetik, Madariaga banan-banan bilduko da protagonista bakoitzarekin. Ur handitan saioko protagonista izateak eurengan utzi duen arrastoaz ariko dira, une hunkigarrienak gogora ekarriz.
Ane Rotaetxe programako zuzendariak saio berezia egin izanaren arrazoiak eman ditu: «Ikusita orain arteko saioek izan duten erantzuna, bai ikusle datuen aldetik, bai sare sozialetan izandako itzalagatik, interesgarria iruditu zitzaigun, hamabosgarren saioa izanda, gure saioetako lau protagonista elkartu eta esperimentutxo bat egitea». Zinema areto bateko pantailan ikusiko dituzte protagonistek saioko zenbait momentu. «Badakigu haientzat saioa esperientzia sakona izan dela, harremanetan egon garelako saioak eman ostean. Ikusten genuen bazegoela programa bat egitea horrekin, beste formatu batean, horretaz guztiaz hitz egiteko». Rotaetxek aitortu du ez dela erraza izan protagonistak aukeratzea. «Lau hauek izan dira, baina beste batzuk ere izan ahal ziren».
Ur handitan saioaren orain arteko hamalau atalek batez beste %2,8ko ikusle kuota izan dute; euskaldunen artean, %6,8 —otsailean eta martxoan ETB1ek %1,8ko batez besteko kuota izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. «Balorazio oso positiboa egiten dugu. Ehun pertsona baino gehiago izan ditugu gure saioan lau hilabetean, gai oso ezberdinak jorratu ditugu, elkarrizketa mamitsuak izan ditugu, batzuekin ezustekoak hartu ditugu, eta astero esperientzia berriak bizitzeko aukera izan dugu». Hala sentitu dute ikus-entzule askok, sare sozialetan idatzi dituzten iruzkinen arabera. «Uste dugu ikuslearen barruak mugitzera iritsi garela askotan, eta gu geu ere, lanean, hainbatetan hunkitu egin gara jasotakoarekin», gaineratu du Ur handitan-eko zuzendariak. Uste du programako aurkezlea Madariaga izatea «opari bat» dela: «uste dut sekulako enpatia sortzen duela, bestearen tokian jartzen den kazetaria delako».
Berriki bilera bat izan dute saioko arduradunek ETBko zuzendaritzarekin. «Saioarekin oso pozik daudela helarazi ziguten», esan du Rotaetxek. Urtarrilaren 10ean hasi zen ETB1 programa ematen, hamar atal egiteko enkargua jasota. Beste hamar egiteko kontratua luzatu zieten gero. Okerrik ezean, maiatzaren 23an amaituko da denboraldia.
'Ur handitan' berezia gaur, aurreko ataletako lau protagonista elkartuta
Mikele Grande, Maite Olea, Itxaro Mendizabal eta Xabier Euzkitze zinema areto batean bildu dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu