Bideojokoak

Urria erotzekoa da bideojokozaleentzat

Indie tituluen aldetik, 'Absolum', 'Battle Suit Aces', 'Ball x Pit', 'Dispatch' edo 'Mina the Hollower' iritsiko dira.

Urriko hainbat bideojoko. GAME ERAUNTSIA
Urriko hainbat bideojoko. GAME ERAUNTSIA
Lander Unzueta Lekerikabeaskoa - Game Erauntsia
2025eko urriaren 6a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideojokoen industria Eguberrietako kanpainarako berotzen hasia da, eta urriko estreinaldiak horren adierazle argiak dira. Bideojoko handi zein txiki interesgarriz beteta dator hilabetea: PlayStation, Nintendo eta Xbox erraldoien zenbait joko interesgarri ikusiko dituzte jokalariek, baina baita indie altxor ugari ere.

Ghost of Yōtei, Super Mario Galaxy 1+2, Battlefield 6, Pokémon Legends: Z-A, Ninja Gaiden 4, Keeper, Little Nightmares 3, Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2 eta Dragon Quest 1+2 Remake itxurosoekin has daiteke, baina gehiago datoz: independenteek Absolum, Battle Suit Aces, Ball x Pit, Dispatch edo Mina the Hollower utziko dituzte, besteak beste.

Baina joan den hilabete bukaeran ezustean estreinatu zuten jokoa aipatu beharra dago hasi aurretik: Hades II-k aurretiazko sarbidea atzean utzi, eta 1.0 bertsioa argitaratu du. PCan merkaturatzeaz gain, Switch kontsoletan ere goza daiteke.

Kontsola guztietarako eta ordenagailuetarako argitalpenak dira nagusi; beraz, guztien gozamenerako.

Ghost of Yōtei

 

  • Argitaratze data: 2025-10-02.
  • Garatzailea: Sucker Punch / PlayStation.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PS5.

Ghost of Tsushima sarituaren jarraipenak protagonista eta kokaleku berriak dakartza. Japoniako mendebaldetik ekialdera joko dute jokalariek Atsu-rekin batera: 1603. urteko Ezo eskualdea —hau da, Japonia iparraldeko Hokkaido irla— esploratzeari ekingo diote oraingoan.

Mundu irekia, mendekuari lotutako istorio interesgarria, borroka odoltsuak eta atal grafiko ikaragarria agintzen ditu Sucker Punch taldearen lan berriak. Prentsaren kritikak eta analisiak irakur daitezke jadanik, eta adierazi dute sekulakoa dela.

Super Mario Galaxy 1+2

 

  • Argitaratze data: 2025-10-02.
  • Garatzailea: Nintendo.
  • Generoa: Plataformak, abentura.
  • Plataformak: Switch 2, Switch.

Mario iturginaren 40. urteurrena —eta datorren urtean estreinatuko duten bigarren filma— ospatzeko bilduma prestatu dute Nintendokoek urrirako. Nintendo Wii kontsolako Super Mario Galaxy maitatuak Switch gailuetara datoz birmasterizazio txikiekin.

Atal grafikoa pixka bat txukundu dute, egungo kontsolen indarraz baliatuz, baina ez da aldaketa handirik antzemango bereizmenetik eta eraberritutako testura batzuetatik harago. Hala ere, beti da eskertzekoa plataforma abentura bikainak Switchetan egotea.

Joko bakoitza bakarka eros daiteke bertsio digitaletan; bestela, Galaxy biak biltzen dituen edizio fisiko berezia merkaturatuko du N handiak.

Digimon Story Time Stranger

 

  • Argitaratze data: 2025-10-03.
  • Garatzailea: Media Vision / Bandai Namco.
  • Generoa: JRPG.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Munstro digitalak orain arteko bideojokorik handienarekin itzuli dira. Digimon Story sagako azken atalak ohiko mekanikak eta oinarriak bilduko ditu: Pokemon estiloko txandakako JRPG abenturak biziko dituzte jokalariek.

Horrela, Digimonak harrapatu, borroketan indartu eta digieboluzionatu eta fusionatuko dituzte. Guztia, gidoi sakon bat dutela: Tokio eta mundu digitala denboran zehar elkartuko dituen istorioa da Time Strangerrena.

Battle Suit Aces

 

  • Argitaratze data: 2025-10-07.
  • Garatzailea: Trinket Studios.
  • Generoa: Estrategia, kartak.
  • Plataformak: PC.

Indie jokoekin hasita, Battle Chef Brigade bereziaren egileek Battle Suit Aces prestatu dute. Sukaldeko borrokak mecha erraldoiekin ordezkatuko dituzte oraingoan; hala ere, dueluak kartekin biziko dira jokoan.

Borroka taktikoak nobela bisualen jokagarritasunarekin eta anime estetikarekin uztartuko ditu. Horrela, robot erraldoien taldea prestatu beharko da; gidarien arteko harremanak sendotu eta eraldatzaile mordoa lortu, eta bost pertsonaia hautatzeko aukera izango du duelu bakoitzean.

Absolum

 

  • Argitaratze data: 2025-10-09.
  • Garatzailea: Guard Crush / Dotemu.
  • Generoa: Beat ‘em up, roguelike.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch.

Streets of Rage 4 ikaragarriaren arduradunak beat ‘em up generora bueltatuko dira Absolumen proposamen interesgarriarekin. Fantasiazko mundu aberatsean kokatuko du erabiltzailea, roguelike elementuz betetako istorioa bizitzeko.

Partida bakoitza hutsetik hasiko da, eta lau pertsonaiaren artean hautatu beharko da. Bakoitzaren mugimendu bereziak eta ibilbideetan lortutako indartzaileak baliatuta, Eguzki jainkoa garaitzen saiatu beharko du erabiltzaileak. Hades jokoetan ikusi modura, partida bakoitzean hobekuntza iraunkorrak desblokeatuko dira, aldi baterako berezitasunekin batera, eta, istorioak aurrera egin ahala, basera are laguntza gehiago erakarriko dute.

Battlefield 6

  • Argitaratze data: 2025-10-10.
  • Garatzailea: Battlefield Studios / Electronic Arts.
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Azken jokoek harrera eskasa izan ondoren, Criterion, DICE, Motive eta Ripple Effect taldeek osatutako Battlefield Studios frankizia biziberritzera datoz seigarren atalarekin. Ohiko elementuak ikusiko dituzte zaleek: mapa erraldoiak, ibilgailu sorta zabala, suntsipen errealista eta multijokalari modalitate mordoa ageriko dira.

Beta bertsioa probatu zutenak benetan pozik agertu dira orain arte lortutakoarekin. Jokalari bakarrarentzako kanpaina ere badator BF6ra; izan ere, orain egun gutxi batzuk erakutsi zuten lehen bideoa, eta aitortu beharra dago itxura ikusgarria daukala.

Little Nightmares 3

 

  • Argitaratze data: 2025-10-10.
  • Garatzailea: Supermassive Games / Bandai Namco.
  • Generoa: Beldurra, puzzleak.
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series, Xbox One.

Munstroetatik eta amesgaiztoetatik ihes egiteko garaia da berriz. Low eta Alone txikiak mundu beldurgarrian zehar gidatu beharko ditu erabiltzaileak, denetariko erronkei aurre egiteko, Little Nightmares sagaren ohiko premisa berreskuratuta.

Aldaketa handiak datoz, baina. Tarsier Studios ez da arduratu hirugarren atalaz: Supermassive GamesUntil Dawn edo The Quarry jokoen egileak— hautatu ditu Bandai Namcok LN3 garatzeko. Joko originala ere bueltan etorriko da egun berean; alabaina, Little Nightmares Enhanced Edition izeneko bertsio eraberritua kaleratuko da.

Ball x Pit

  • Argitaratze data: 2025-10-15.
  • Garatzailea: Kenny Sun / Devolver Digital.
  • Generoa: Arkade, roguelike.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series.

Roguelike jokoen jarraipena, oraingoan oinarri ero berriarekin. Arkanoid estiloko jokagarritasuna proposatzen du Ball x Pit bitxiak: ikuspegi isometrikoarekin, amildegitik datozen etsai madarikatuen armadari dozenaka bola jaurti beharko zaizkio garaipena eskuratzeko.

Partida hasieran zenbait heroien artean hautatu beharko da, eta bakoitzak bere bola bereziak izango ditu. Jokatu ahala, efektu zoroak desblokeatu beharko dira, suzko bolak, lurrikarak edo fusioak lortuta. Borroken tartean New Ballbylon izeneko herria eraikitzen ariko da erabiltzailea, baliabideak eta sekretuak desblokeatuz, amildegian are gehiago barneratu ahal izateko. Orduak galtzeko jokoa; Steam-en joka daitekeen doako probak argi uzten du hori.

Pokémon Legends: Z-A

  • Argitaratze data: 2025-10-16.
  • Garatzailea: Game Freak / Nintendo, The Pokemon Company.
  • Generoa: JRPG, abentura.
  • Plataformak: Switch 2, Switch.

Legends azpisagako bigarren jokoa jasoko du Pokemonek. Lumiose City hirira bidaiatuko du berriro: Pokémon X eta Y jokoetako gune nagusietakora, alegia. Denbora errealeko mekanikak nabarmenduko dira, txandakako borrokak alboratuz, baina sakelako munstroen espiritua mantenduz.

Erabiltzailea gune basatietan ariko da piztien aurka borrokatzen eta horiek harrapatzen, baina txapelketak eta bere istorioa bilduko ditu Z-A-k. Zaleek behin eta berriz eskatutako megaeboluzioen itzulera jazoko da, gainera: Raichu, Chesnaught, Delphox, Greninja eta beste hainbat pokemonen megabertsioak agertuko dira.

Switch originalean merkaturatuko da Pokémon Legends: Z-A; halere, Switch 2an hobetutako atal grafikoarekin jokatu ahalko da.

Keeper

  • Argitaratze data: 2025-10-17.
  • Garatzailea: Double Fine Productions / Xbox Game Studios.
  • Generoa: Plataformak, puzzleak.
  • Plataformak: PC, Xbox Series.

Tim Schafer zuzendaria eta Double Fine taldekoak obra bereziarekin eta xarmagarriarekin datoz. Hitzik gabe kontatutako istorio honetan, magikoki bizitzara ekarritako itsasargi ibiltaria izango da erabiltzailea. Txori bitxi batekin hasiko du bidaia erabiltzaileak, eta kolorez betetako inguruneak eta toki xelebreak zeharkatuko ditu.

Plataformak eta puzzleak uztartuz, atal estetiko zoragarria eratu dute egileek: ikusi beharreko obra da Keeper.

Ninja Gaiden 4

  • Argitaratze data: 2025-10-21.
  • Garatzailea: PlatinumGames, Team Ninja, Koei Tecmo / Xbox Game Studios.
  • Generoa: Akzioa, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Ryu Hayabusa ninja odoltsuak abentura modernoen laugarren atala jasoko du, azkenik. Ez da Ninja Gaiden 4-ko protagonista bakarra izango: Yakumo izeneko ninja gaztea ere gidatu ahal izango da etorkizuneko mundu ilunean, ehunka deabru akabatzeko.

Hack and slash erako duelu zailak eta frenetikoak, odol mordoa eta armategi zabala eskainiko ditu. Zorionez, zailtasun maila doitzeko aukerak edukiko dituzte jokalariek.

Vampire: The Masquerade – Bloodlines 2

  • Argitaratze data: 2025-10-21.
  • Garatzailea: The Chinese Room / Paradox Interactive.
  • Generoa: Akzioa, RPG.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Garapen prozesu konplexuaren ondoren —Hardsuit Labs estudioak iragarri zuen proiektua 2019an, eta The Chinese Room-en esku geratu zen azkenik—, Bloodlines 2 probatzeko garaia heldu da. Originala benetan maitatua da jokalarien artean, eta bigarrenak antzeko immersive sim kutsua mantenduko du, nola ez, banpiroen mundu ilunean.

Seattle hirian bederatzi gau igaroko ditu erabiltzaileak, Phyre banpiro zaharraren azalean, baina ez da bakarrik egongo: malkavian klaneko banpiro detektibea entzungo du bere buruan. Botereak berreskuratzen dituen bitartean, mahai jokoaren unibertsoko pertsonaiak ezagutuko ditu erabiltzaileak, lehen pertsonako RPG honetan.

Dispatch

  • Argitaratze data: 2025-10-22.
  • Garatzailea: AdHoc Studio.
  • Generoa: Estrategia, nobela bisuala.
  • Plataformak: PC, PS5.

Superheroiak ardatz dituen lana da Dispatch, baina borroka ikusgarrietatik eta mundu irekietatik aldentzen da. Horren ordez, Telltale Games estudioko beteranoek sortutako AdHoc-ek estrategia joko berezia dakarte: bulegari lanetan ariko da erabiltzailea.

Robert Robertson izango da norbera: Mecha Man superheroia. Armadura berezia galdu ondoren, superheroien larrialdi zerbitzuko teknikari bilakatuko da. Superbilau ohien taldea gidatu beharko du lanegun bakoitzerako taldea osatuta, eta, tartean, erabakiak hartu. Atalkako formatuan estreinatuko da: bi atal jasoko dira argitalpen egunean; gainerakoak, ondorengo lau asteetan kaleratuko dituzte.

Once Upon a Katamari

  • Argitaratze data: 2025-10-24.
  • Garatzailea: Rengame / Bandai Namco.
  • Generoa: Arkade, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch Xbox Series.

«Izar bakarti birakaria zara!». Katamari unibertsoko joko berria iritsiko da, azkenik. 2011tik desagertuta ibili da, baina, azken urteotako birmasterizazioekin berpiztu ondoren, titulu handiarekin ikusi ahal izango da kosmosaren printzea. Aro nahiz zenbait garai bisitatuko ditu oraingoan: Jurasikora, Izotz Arora edo Erdi Aro japoniarrera bidaiatuko du.

Xarmaz betetako umorea, 68 pertsonaia eta biraka gidatu beharreko katamari bola, ez da besterik behar. Katamariarekin kokalekuetako ezaugarriak xurgatuz joango da erabiltzailea, zeruan izarrak eratzera iristeraino.

The Outer Worlds 2

  • Argitaratze data: 2025-10-29.
  • Garatzailea: Obsidian Entertainment / / Xbox Game Studios.
  • Generoa: Akzioa, RPG.
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series.

Obsidianek lehen pertsonako RPG abenturekin jarraitzen du. Urte hasieran Avowed argitaratu ostean —Grounded 2-rekin ere badabiltza— The Outer Worlds-en jarraipena iritsiko da urria bukatu aurretik.

Espazioko Arcadia kolonia ezagutu ahal izango da. Gizadia deusezta dezakeen arriskuari aurre egiteko laguntza bila hasiko da erabiltzailea, baina laster batean bertako fakzio desberdinak ezagutu ahal izango dira: helburu desberdinekin, nori lagundu erabaki beharko du norberak, planeta salbatu nahi izanez gero, behintzat.

Dragon Quest 1+2 HD-2D Remake

  • Argitaratze data: 2025-10-30.
  • Garatzailea: Square Enix.
  • Generoa: JRPG, abentura.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch 2, Switch, Xbox Series.

Hirugarren Dragon Quest jokoaren berregitearen ondoren, lehen biekin gauza bera egingo du Square Enixek. JRPG mitikoen atal grafikoa zaharberrituko da HD-2D estiloarekin: hau da, pertsonaiak eta izakiak 2D sprite berriekin egindakoak dira; kokalekuak, berriz, 3D estiloan sortutakoak.

Fantasiazko munduan barneratu ahal izango da bi jokoetan: gazteluak, printzesak eta herrixka maitagarriak munstroz jositako ziegekin, galdutako tenpluekin eta esploratzeko bestelako tokiekin batuko ditu. Estetika ederra, soinu banda zoragarria eta istorio klasikoak, JRPGren zaleentzat.

Mina the Hollower

  • Argitaratze data: 2025-10-31.
  • Garatzailea: Yacht Club Games.
  • Generoa: Akzioa, abentura, plataformak.
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series, Xbox One.

Indiekin bukatuko da hilabetea, eta ez edozein estudiorekin. Shovel Knight dibertigarriaren garatzaileak aspaldi iragarritako Mina the Hollower kaleratuko dute, azkenik. Retro jokagarritasunera itzuliko dira berriz, baina, oraingoan, Super Mario alboratu, eta The Legend of Zelda-ri begira jarriko dira.

Link’s Awakening  eta halako klasikoen pausoei jarraitzen dien lana da. Sagu txikia kontrolatuz, borrokatzen, esploratzen eta salto egiten ariko da erabiltzailea, viktoriar estiloko erresuma madarikatuan barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.