Urtzi Gartzia EITBko kazetariari debekatu egin diote AEBetan sartzea

Gartzia Boisera joatekoa zen, hango jaialdiaren berri ematera. Larunbatean, Municheko aireportuan, Alemaniako autoritateek jakinarazi zioten galarazia zuela AEBetan sartzea. EITBko lau kazetari Boisen dira jada. BERRIA ere jaialdian izango da.

Urtzi Gartzia EITBko kazetaria. 'BINKE'
Urtzi Gartzia EITBko kazetaria. 'BINKE'
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 28a
12:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Telebistako hiru kazetari eta Radio Euskadiko bat Boisera (AEB) joan dira euskal diasporaren jaialdiaren berri ematera. EITBko irratientzat lan egiten duen Urtzi Gartzia kazetariari, ordea, galarazi egin diote AEBetan sartzea, eta ezingo da ekitaldian izan egunotan.

Larunbatean, Municheko (Alemania) aireportuan zen Gartzia. Denverrera (AEB) joateko hegaldia hartzekotan zen, baina Alemaniako autoritateek jakinarazi zioten ez bera ez bere maletak ezin zirela AEBetan sartu. Bisa eta agiri guztiak zituen Gartziak, eta ez du aurrekari penalik. Amaiur koalizioko komunikazio aholkulari aritu zen duela urte batzuk —talde horrek Espainiako Kongresuan ordezkaritza zuenean—. Gartziak Binke aldizkariari esan dio AEBetako enbaxadakoek oraindik ez diotela jakinarazi zergatik jarri dioten debekua, eta gaineratu du elkarrizketa bat eskatuko duela zer gertatu den argitzeko. Lehendik izana da AEBetan, eta ez zuen arazorik izan —duela bederatzi urte izan zen han azkenekoz—.

EITBk, bestalde, Boiseko jaialdian egingo dituen lanen berri eman du ohar batean, Gartziaren egoera aipatu gabe; Orain informazio zerbitzu digitalean, ordea, eman dute Gartziaren egoeraren berri.

Yerai Diaz, Mikel Reparaz —EITBko nazioarteko burua da— eta Amaia Uribe Boisen dira jada. Reparazek erreportaje sorta berezi bat prestatu du egunotarako: euskal migratzaileen ondorengoen komunitateekin hitz egin du —Mexikon, Txilen, Montanan (AEB) eta Australian dauden euskal komunitateen berri eman, eta haien egungo egoera zertan den azalduko dute—.

Abuztuaren 2an, ETBren gaueko Gaur egun eta Teleberri albistegien parte bat Boisetik egingo dute. Reparaz plato batean ariko da aurkezle, eta hainbat gonbidatu hartuko ditu. Diazek eta Uribek, bestalde, zuzeneko konexioak egingo dituzte bai aste osoan eta bai gau horretan bertan, jaialdiaren askotariko guneetatik. ETB2ko Quédate saioak ere adi erreparatuko dio jaialdiaren nondik norakoei aste osoan.

Radio Euskadirentzat, Xabier Madariaga ariko da euskal diasporaren ekitaldiaren nondik norakoak kontatzen. «Euskadi Irratian, aipatutako EITBko berriemaile bereziek jaialdiaren berri emango dute egunez egun», azaldu du EITBk, Gartziaren aipamenik egin gabe.

EITBko langile batzordeek «gogor gaitzetsi» dute AEBko agintariek kazetariari sarrera ukatzea. LABek elkartasuna adierazi dio —sindikatu horretako ordezkaria ere bada Gartzia—.

Boiseko jaialdia bihar hasiko da, eta igandera arte iraungo du. Askotariko ekitaldiak egingo dituzte.

BERRIA-ko nagore arin boisen izango da

BERRIA egunkariak ere jaialdiaren berri emango du egunotan. Nagore Arin BERRIAko kazetari eta ikus-entzunezkoen taldeko arduradunak ez du arazorik izan AEBetan sartzeko. Egunotan erreportaje bat idatziko du jaialdiaren hasieraren eta berezitasunen inguruan. Bestalde, egunero bideo laburrak egingo ditu askotariko gaien inguruan. Zehazki, galdera hauei erantzuten saiatuko da bideoetan: zer da Boiseko Jaialdia? Zenbat gune ditu, eta zer egiten da horietako bakoitzean? Zer ekitaldi eta ekintza antolatzen dira? Zer artista, musikari, dantzari, kirolari... joango dira Euskal Herritik Boisera? Zer ordezkari politiko izango dira bertan? Eta zer balio du jaialdiak AEBetako euskaldunentzat? Aurrerago, Arinek dokumental edo erreportaje labur bat egingo du jaialdian grabatutako material guztiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.