Uztarria.com Azpeitiko euskarazko atariak aro berri bati ekin dio, webgunea jaio eta hamar urtetara. CodeSyntax Eibarko enpresarekin berritu dute ataria, eta ezaugarri sozialez indartzen saiatu dira.
«Erabilerraza eta sinplifikatua» da ataria, eta informazioaren antolaketan berrikuntzak ditu, «baina edukiaren osotasunari eutsita». Lau atal nagusitan banatuko da guztia: Aktualitatea, Komunitatea, Zerbitzuak eta Azpeitia. Bisitaria webgunera sartzen denean, Aktualitatea eta Komunitatea atalen edukiak ikusiko ditu lehen orrian. Aktualitatean, orain arteko albiste nagusia eta webgune «zaharreko» beste zenbait atal bateratu dira, hala nola Argazkia eta Bideoak. Erabiltzaileei bilaketak errazteko, albiste guztien artxibo bat sortu dute, Aktualitatea ataleko eduki guztiak hilabeteka zein gaika antolatuta. Eta albiste bakoitzean ere, dagokion gaiaren arabera (politika, kultura, kirola...), gai horren barruan aurretik argitaratu diren azken albisteen zerrenda dago bistan.
Azpeitiarren parte hartzeari beste indar bat emateko asmoarekin, Komunitatea atala sortu dute. Dagoeneko 50 kidetik gora ditu. Sare sozialen bidetik, herriko pertsonen zein talde eta eragileen ekarpenei bide eman nahi die Uztarriak. Webgunearen erabiltzaile orok izango du Komunitateko kide izateko aukera; Facebooken eta Twitterren kontua dutenek sare sozial horien bidez ere egin ahal izango dute kide profila. Informazioa, iritziak, argazkiak, bideoak eta loturak jartzeko aukera izango dute kideek. Ekarpenak Aktualitateko atalera pasatu ahalko dituzte kazetariek.
Komunikazioa
'Uztarria.com'-ek aro berri bati ekin dio, ezaugarri sozialak indartuz
Azpeitiko atari digitalak parte hartzeari indar handiagoa eman nahi dio, Komunitatea atal berriarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu