Kataluniako hedabiderik garrantzitsuenetan egin du lan Vicent Partalek (Betera, Herrialde Katalanak, 1960). 1995ean, Partal, Maresma & Associats enpresa sortu zuen, eta hortik jaio zen Vilaweb.
Martxoan, iPaderako aldizkari bat aterako duzue. Paperean eskuratzeko aukera ere izango da. Nolakoa izango da aldizkari hori?
Sakelako telefonoen eta beste pantaila batzuen garapena ikusgarria da. Prentsaren etorkizuna pantailetan dago, eta pantaila horietara iristeko planteamendua egiten ari gara. iPhone eta Androidentzat aplikazio bat egin dugu jada. iPadeko aldizkaria zenbakiz zenbaki erosi ahalko da. Paperean lortu nahi duenak, berriz, urteko harpidetza egin beharko du, eta etxean jasoko du. Kioskoa saihesten dugu, horrela. Formatua hausnarketakoa izango da. Albisteak webgunean eta sakelakoetan ematen ditugu. Hausnarketa eta iritzia, berriz, aldizkarian eman nahi ditugu.
Ez da ohikoa Internetetik paperera jauzi egitea. Zergatik erabaki duzue hori egitea?
Arrazoi kultural bategatik. Frantziako Rue 89 aldizkariak antzeko prozesua egin du. Interneten aritzen da, eta, duela lau hilabete, aldizkari bat sortu zuten, baita emaitza onak lortu ere. OJDk 450.000 irakurle ematen dizkigu. Horietatik %10ek aldizkaria erosiko balu, oso zenbaki onak lirateke guretzat. Aldizkaria hilabetero aterako da, eta horrek denbora ematen du bai ekoizteko bai irakurtzeko.
Nolakoa izango da aldizkaria?
Rue89-ren modeloak balio digu. iPadeko pantaila baino pixka bat txikiagoa da, eta horri esker maketazioak bietarako balio digu: iPaderako eta papererako. Grafikoki oso indartsua izango da. Elkarrizketa luze bat izango du, bi erreportaje sakon eta hilabetearen laburpen bat. Vilawebentzat, politika, kultura eta teknologia dira hiru ardatzak. Aldizkarian ere gai horiek landuko dira.
ZuZeu albistari digitalak ere egin du saio bat paperean. Zergatik ari da gertatzen hori?
Komunikabideak gero eta gutxiago gaude azken produktuari lotuta. Marka bilakatzen gara, eta marka horiek informazioa banatzen dute kanal guztietan. Sare sozialen rola ere hor dago. Vilaweben, ahalegin handia egiten ari gara Facebooken eta Twiterren egoteko. Testuinguru horretan, ez diozu ezerri uko egin behar. Paperaren krisia geldiezina da. Eguneroko eta asteroko argitalpenek zaila izango dute orain arte bezala segitzea. Hilabetekeriak, berriz, eusten ari dira, eta gauza interesgarriak ateratzen dituzte hilero.
iPada eta tabletak prentsaren salbatzaile izan al daitezke neurri batean?
Tabletek aldaketak ekarriko dituzte prentsan, bai. Internetek komunikazioa aldatu du, baina orain arte ordenadoretik, populazioaren %40ra iritsiz. Baina Internet sakelako telefonoetara, tabletetara eta telebistara pasatzen ari da. Populazioaren %100era iritsiko da, eta pauso horrek sekulako dimensioa izango du. Nire ustez, iPadak baino sakelakoek ekarriko dituzte aldaketa gehiago.
Vilaweben erronka euskarri guztietan egotea da, ezta?
Bai. Prentsaren etorkizuna ez dago paperean, pantailetan baizik. Eta gure obsesioa pantaila guztietan egotea da. Gure marka egonkortu egin da. Jendeak pantaila horietan Vilaweb bila dezala nahi dugu.
Iazko irailean hitzaldi bat eman zenuen Donostian. Euskara hizkuntza globala izan dadin domeinu propio baten beharra nabarmendu zenuen.
Gaur egun jada ezin da hizkuntza gutxituetaz hitz egin, baizik eta hizkuntzak mundu globalerako baliagarriak diren aztertu behar dugu. Katalunian.cat lortzea garrantzitsua izan zen. Euskara Google Translate proiektuan dago, eta horrek ere badu garrantzia. Komunikazio tresnetan hizkuntzak erabilgarri izatea funtsezkoa da.
Aldaketa teknologikoak datozela eta, nola ikusten dituzu katalanezko komunikabide tradizionalak?
Egoera berezian gaude. El Punt-ek Avui erosi zuen, eta laster Balear uharteetako Diario de Balears erosiko dute. Proiektu sendoa da. Bestalde, Ara sortu da. Lezio pare bat eman digute sare sozialen erabileran. Eta gero La Vanguardia-ren katalanezko bertsioa dago. Azken hori gauzatzen bada, aldaketa historiko bat izango da. Katalunian beti egunkari irakurle gehiago egon da gaztelaniaz. Baina, La Vanguardia katalanez ateratzen bada, prentsako irakurleen gehiengoak katalanez irakurriko du.
Vicent Partal. Vilaweb-eko zuzendaria
«Vilaweben obsesioa pantaila guztietan egotea da»
iPaderako hilabetekari bat sortuko du Vilawebek martxoan. Paperean ere eskuratu ahalko da, urteko harpidetzaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu