Ikus-entzunezkoen sektorean eta streaming plataformen lehian eragin handia izan dezakeen erosketa bat gerta daiteke datozen hilabeteetan. Ondorio hori atera daiteke, behintzat, Warner Bros Discovery konpainiak gaur egin duen iragarpenaren ostean. Agiri ofizial batean, Warner Bros Discoveryk adierazi du prest dagoela zenbait aukera estrategiko aztertzeko. Hau da, prest azaldu da konpainia erosteko eskaintzak jasotzeko.
Warner Bros eta Discovery enpresen banaketa prozesua ere martxan da, eta jakinarazi dute banaketa hori 2026. urtearen erdialdera aurreratuko dutela. «Konpainiak banaketa egitura alternatibo bat aztertuko du, Warner Brosek eta Discovery Globalek gure akziodunekin bat egiteko modua eman dezakeena».
David Zaslav da Warner Bros Discoveryko presidente eta zuzendari nagusia. Agirian pauso berriak iragarri ditu: «Urrats garrantzitsuak egiten jarraitzen dugu, gure negozioak gaur egungo panorama mediatiko aldakorrean arrakasta izan dezan. Warner Bros eta Discovery Global bi enpresatan banatzeko erabaki ausarta ere hartu dugu, aurrera egiteko biderik onena delakoan».
Konpainiaren agiri ofizialak dio ez dagoela eperik edo egutegirik alternatiba estrategiko berrien prozesuari begira. «Ezin da ziurtatu prozesu horrek konpainiari transakzio bat edo beste emaitza desberdin bat ekarriko dionik».
Alan Wolk eta Evan Shapiro ikus-entzunezko joeren adituek diote Paramount eta Netflix izan daitezkeela Warner Bros Discovery erosteko hautagai esanguratsuenak. Comcast ere prest azaldu da konpainia erosteko. Argi denez, Warner Bros bezalako estudio global bat Netflixen esku geldituko balitz, horrek sektorean astindu handia eragingo luke. Shapiroren iragarpenen arabera, Warner Bros Discoveryren eroslea Netflix izateko aukerak %50ekoak dira. Datozen sei hilabeteetan argituko da auzia.