Wazemank! Noaua? Finlandiara. Esketxak egin dituzte, platoan ibili dira, fikzioan murgildu dira Brinkola-n eta orain umorezko show bat egingo dute Anjel Alkainek eta bere koadrilak. Bihar estreinatuko du ETB1ek Finlandia, 21:45ean. On Time ekoizpen etxearen saio berria Miramonen egingo dute, Friends telesailaren Central Park tabernaren antza duen dekoratu batean. Ez dute aurkezpen mahairik izango, baizik eta dekoratuko txokoetan saltsan ibiliko dira aktoreak. Aurkezleak Ainere Tolosa eta Aitziber Garmendia izango dira.
Halaber, platoan gonbidatu bat izango dute astero eta gonbidatu horren alde ezkutua ezagutzen saiatuko dira. Eguneroko bizitzan pertsona hori benetan nolakoa den marrazten ahaleginduko dira, bide batez. Gainera, gonbidatuari fikziozko pertsonaiak hurbilduko zaizkio. Estraineko atalean Oinatz Bengoetxea pilotaria gonbidatuko dute. Besteak beste, Autopatxi, Julian Iantzi, Jon Iraolaren Teknologia eta Kontuba eta Zikina-ko pertsonaien galdera eta burutazioei aurre egin beharko die.
Programak ordubete pasa iraungo du, eta ia denbora guztia platoan garatuko da. Salbuespena Desapiyua atala izango da. Atal horrek herrietako gazte koadrilen arteko desafio xelebrea erakutsiko du. Julian Iantzi berezi baten (Anjel Alkain) gidaritzapean, Lekeitio eta Ondarroa arraunean ariko dira nor baino nor, Azkoitia eta Azpeitia ximaur artean, Urretxu eta Zumarraga sofa-koadrigan eta Leitzak eta Goizuetak pilotan makailuarekin jokatuko dute.
Esketx tarte bakarra Kerman mintzalagun bila-ren parodia izango da. ETBko saioari buelta eman eta Kerman gaztelaniaz ikasten jarriko dute, German el hablador bihurtuz.
Bi aurpegi berri azalduko dira Finlandia-n: Eriz magoa eta Beñat Gantxegi. Bigarrenak musikari buruzko bideoak aurkeztuko ditu. Elur orein bat ere agertuko da tarteka, «ukitu finlandiarra emateko».
Anjel Alkainek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «dena modu informalean» egin nahi dute. «Edukiak ahalik eta informalenak izango dira, batzuk barre egitekoeta beste batzuk informazioa emateko. Ordutegia aintzat hartuz, umore familiarra egingo dugu, adin guztietarako».
EITBko zuzendaritzako hainbat kide bildu ziren atzo Finlandia-ren aurkezpenean. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak azpimarratu zuen Finlandia apustu argia dela ETB1eko programazioa indartzeko. «Luxuzko produktu bat da. Ikusleekin konektatzeko modu bat izan daiteke, eta ziur nago lortuko dutela».
Rosa Diez Urrestarazu ETB1eko eduki zuzendariak adierazi zuen Finlandia «apustu oso garrantzitsua» dela. «Euskararen aldeko lanean ari gara ETBko zuzendaritzan eta horretan gogor saiatuko gara».
Anjel Alkainek esan zuenez, Euskadi Irratiko Oilategia-n duten izpiritua modu batean telebistara eramango dute. «Noaoa-rekin ere asko ikasi genuen platoko lana, eta saiatuko gara gauza berriak egiten».
Komunikazioa
'Wazemank'-eko taldeak 'Finlandia' egingo du bihartik aurrera ETB1en
'Friends' telesaileko tabernaren antzeko plato batean egingo dute umorezko 'show'-a larunbatero, 21:45ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu