Munduko herrialde askotan nabari da kezka X sare sozialarekin gertatzen denaren inguruan. Elon Musk handikiak erosi zuen garai batean Twitter izena zuen sare soziala, eta eskuin muturreko mezuz bete da azkeneko urteetan. Badira plataforma hori utzi duten komunikabideak ere. X-ren alternatiba gisa zabaldu daitekeela sinetsita, Anna Zeiterrek gidatutako talde bat lanean ari da W izeneko sare soziala sortzeko.
Ez dago informazio askorik sare sozial horren inguruan. Egitasmoa Europako Batasuneko erakundeek sustatutakoa dela zabaldu da hainbat tokitan, baina egitasmo pribatu bat da. Zeiter pribatutasunean aditua da, datu politiketako eta adimen artifizialeko zuzendaria izana eBay enpresan. Iturri batzuen arabera, otsailean beta bertsioa jarriko dute martxan, eta 2026. urtea amaitu baino lehen egongo da herritar ororentzat erabilgarri.
W sare sozialaren izenak We hitzari egiten dio erreferentzia, lehenik eta behin —gu esan nahi du ingelesez—; eta bestalde, bi uve ere ordezkatu nahi ditu: Values (balioak) eta Verified (egiaztatua). Hain zuzen ere, argitaratu den informazioaren arabera, sare sozial horretan erabiltzaileek frogatu egin beharko dute gizakiak direla. Kontu anonimoei eta bot deiturikoei bidea itxi nahi diete modu horretan.
Dabid Martinez software librearen aldeko ekintzaileari iruditzen zaio «guztiz kezkagarria» dela W-ren inguruan orain arte zabaldu den informazioa. «Wsocial.eu webgunera sartzea nahikoa da jabetzeko balizko sare sozial horrek ikuspegi herrena eta koloniala duela jaiotzetik». Webgune horrek hastapenetik «dikotomia faltsu eta itsu bat inposatzen» duela uste du Martinezek: «Mundua bi polotara mugatzen du, AEBak eta Txina, horietatik kanpo ezer existituko ez balitz bezala. Europa umezurtz, beraz. Narrazio interesatu horrek nahita ezabatzen ditu mapatik Hegoalde Globaleko eta Europako herri ekinaldiak ere».
FedibertsoazÂ
Martinezen iritziz, onartezina da W europarren babesleku digital eta herritarren salbazio gisa aurkeztea, eta, aldi berean, lehendik existitzen den errealitate bati nahita muzin egitea. «Fedibertsoa ez da etorkizuneko promesa bat, gaur egun erabat operatibo dauden azpiegitura sozialen multzo bat baizik». Ekintzailearen arabera, badago Mastodonek eta bestelako softwareek osatutako ekosistema handi bat, eta erakusten du teknologia burujabetza gaurdanik posible dela, W-ren beta bertsioaren zain egon gabe.
«X-n gertatzen dena ez da kasualitatea. Gorrotoa, polarizazioa eta desinformazioa saritzen dituen negozio eredu baten ondorio zuzena da»
DABID MARTINEZÂ Software librearen aldeko ekintzailea
Europako sare sozial bat hutsetik hasiko balitz bezala planteatzeak agerian uzten duen ikuspegia «mugatua eta teknozentrikoa» da, Martinezen irudiko. «Lehentasuna argazki politikoari eta marketinari ematen diote, jada funtzionatzen duten ekosistema herritarrak indartu beharrean».
X sare sozialak herritar askorengan eragin duen ezinegonari buru egiteko, kolektiboki antolatu beharra dago, Martinezen esanetan. «Ezin dugu gorroto diskurtsoa normalizatu. Plataforma toxikoekin dugun mendekotasuna hautsi behar dugu. Eta ezinbestekoa da erregulazio publiko zorrotzak exijitzea». Urrunago ere jo du Martinezek, eta aipatu X-n jarraitzea ez dela hautu neutrala. «Erakundeek, are gehiago publikoek, berehala utzi behar dute X kanal ofizial gisa, eta fedibertsoaren aldeko apustu irmoa egin, migrazio hori bera ekintza pedagogiko eta politiko bihurtuta». Ekintzaileak dio X-n gertatzen dena ez dela kasualitatea: «Gorrotoa, polarizazioa eta desinformazioa saritzen dituen negozio eredu baten ondorio zuzena da».
Martinezek uste du Europako Batasunean sare sozial propio bat sortzekotan proiektu horrek oinarri-oinarrian izan beharko lituzkeela software librea, burujabetza teknologikoa, egiteko modu banatua eta federatua, eta azpiegitura digitalaren kontrol demokratikoa eta komunitarioa. «Hori horrela ez bada, W proiektuak ez digu ezertarako balio, marketin berniz bat baino ez da izango». Â