Eneko Dorronsoro zinemagileak zuzendutako Xalbador, izana eta izena dokumentala estreinatuko du gaur ETB1ek, 22:45ean. Tentazioa ekoizpen etxeak egindako lanean, Xalbadorren bizitza eta bertsolaritzan egindako ibilbidea jasotzen da.
Fernando Aire Xalbador Urepelen (Nafarroa Beherea) jaio zen 1920. urtean, eta 1970ean zendu zen. Bertsolari, artzain eta laboraria, haren lau seme-alaben eta biloben begietatik jasotzen du egileak pertsonaia. «Seme-alaba bakoitzak aita aipatzeaz gain, protagonismoa beregana ekartzen du, nork bere aitortzak egiten ditu», azaldu du Dorronsorok. «Bestetik, bertsolariaren etxea zutik dago, eta zutik dagoen etxe barnetik transmititzen den hori ageri da, hitzez eta maitasunez», dio egileak.
1967an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Xalbadorrek txistuak jaso zituen une hura ere islatzen du dokumentalak; Xabier Amurizak —epailea zen orduan— esplikatzen du. Txistuak txalo nola bihurtu zituen ere kontatzen du.
Dokumentala Hazparnen (Lapurdi) estreinatu zuten iazko azaroan, Zinegin jaialdian. Orduz geroztik hainbat herritan egin dituzte proiekzioak. Ikusleen harrera beroa jaso dute. Telebistan gaur ikusi ahalko da estrainekoz.
'Xalbador, izana eta izena' emango dute gaur gauean ETB1 katean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu