Denboraldi «hibridoa» hasiko du gaur Gaztearen Yoko Ona bideopodcastak. Izan ere, platoan grabatutako bi saio eta bi zuzeneko uztartuko dituzte seigarren denboraldian. Grabatutako saioak Donostiako Tabakaleran egin zituzten, azaroan. Zuzenekoei dagokienez, lehenengoa Musika Bulegoaren Must+ Pro jaialdian grabatu zuten, Alai eta Putas Amak taldeak gonbidatu hartuta.
Bigarren zuzenekoa, berriz, igandean grabatuko dute, Iruñeko Laba aretoan (18:00). Gonbidatu bereziak izango dituzte, eta sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.
Atal guztiak Gaztearen Youtubeko kanalean eta Guau plataforman izango dira ikusgai eta entzungai. Gainera, gonbidatuen iragarpenak eta material berezia ikusteko aukera ere izango da Yoko Ona-ren sare sozialetan.
'Eden'-en amaiera
Guau plataformaren beste podcast batek, berriz, bere azkeneko atalak izango ditu asteotan. Eden soinu fikzioaren hirugarren eta azken denboraldia Durangoko Azokan aurkeztu dute, eta hirugarren denboraldiko lehen atala entzungai da jada. Hurrengo asteetan sareratuko dituzte fikzioaren azkeneko atalak. Oier Aranzabalek zuzendutako soinu fikzioa da. Gidoilariak Xabier eta Martin Etxeberria dira. Ahotsak, berriz, honako aktore hauek jarri dituzte: Ugaitz Amundarain, Unai Arana, Anartz Zuazua, Itziar Urretabizkaia, Sua Enparantza, Ibai Ugarte, Angela Lopez, Julen Castillo, Sara Cozar eta Asier Hormaza. Gaztetxoentzat pentsatutako lana da Eden.