Ikus-entzunezkoak

Netflixek Yurena kantariari buruzko telesail bat egingo du

Santurtziko abeslariak egin zituen lehen pausoak kontatuko ditu fikzioak, sei ataletan.

Yurena Santurtziko kantaria, Madrilen.
Yurena Santurtziko kantaria, Madrilen. VICTOR LERENA / EFE
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 16a
12:00
Entzun

Maria del Mar Cuena Seisdedos (Santurtzi, Bizkaia, 1969) abeslariak hainbat izen artistiko izan ditu: Tamara izan zen lehenbizi; Ambar izan zen gero; eta azkeneko urteetan Yurena gisa ageri da oholtza gainean. Espainiako telebista kateetan oihartzun handia izan zuen duela 20-25 urte inguru, eta, orain, Netflix plataformak bere ibilbidearen inguruko fikziozko telesail bat egingo du. Batez ere bere lehen pausoak jasoko dituzte istorioan.

Javier Calvo eta Javier Ambrossi dira telesail berri horren ekoizleak —Donostiako Zinemaldian La Mesias telesaila aurkeztu zuten Sail Ofizialean (Movistar Plus)—. Kasu honetan, Superestar telesailaren ekoizle ariko dira, eta zuzendaria Nacho Vigalondo gidoilari eta zinemagilea izango da. Claudia Costafreda ere ariko da zuzendari lanetan. Gidoilarien artean, berriz, Vigalondorekin eta Costafredarekin batera, Paco Bezerra eta Maria Bastaros daude.

Ingrid Garcia Johnson aktoreak jokatuko du Santurtziko artistaren pertsonaiaren rola; Secun de la Rosak Leonardo Dantesena egingo du; Carlos Arecesek Paco Porrasena; Pepon Nietok Tony Genilena; eta Natalia de Molinak Loly Alvarezena.

Calvok adierazi du tamarismoa garai «basatia» izan zela. «Ustekabeko protagonista batzuek telebistako ordu ugari bete zituzten». Cuena Seisdedos, esate baterako, sarri azaldu zen Tele5 kateko Crónicas marcianas saio arrakastatsuan. Baita beste programa batzuetan ere. Ambrossik esan du hunkituta daudela proiektuarekin: «Espainiako garai bati egindako omenaldia da. Berriro bisitatzea merezi duen garai bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.