Beste berrikuntza bat iritsiko da aste honetan ETBko programaziora. Zaindu/Cuídate saioa ikusi ahalko da gaurtik aurrera ETB2n, gauerdi partean. Eta, ostegun honetatik aurrera, ETB1ek emango du, 23:00etan, Bisitaria programa amaitutakoan. Osasunari buruzkoa da saioa.
Maixa Lizeaga kazetariak aurkeztuko du saio berria, eta, batik bat, gaixo kroniko aktiboak izango ditu ardatz. Atal bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du. Tarte horretan, gaixoek eguneroko bizitzaren berri emango dute. Jasotzen duten tratamenduaz eta familiaren eta medikuaren laguntzaz hitz egingo dute. Horretaz gain, saioko lantaldeak eguneroko jardunean jarraituko die.
Saioaren aurreneko denboraldian honako gai hauek landuko dituzte: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, arnas gaixotasunak eta depresioa.
Lizeagak adierazi du harentzat aberasgarria dela Zaindu saioan aritzea: «Hurbil-hurbiletik gaixotasun kronikoak dituzten lagun hauek nola bizi diren ezagutzeko aukera ematen digu. Halaber, osasunaz dihardu saioak, guztioi dagokigun gaia, hain zuzen ere».
Lizeagak, bestalde, saioa egiteko orduan izan duten laguntza nabarmendu nahi izan du: «Eskerrak eman nahi dizkiet gaixo kronikoei. Osakidetzari, mediku eta osasun arloko langileei eta hainbat gaixotasunetako elkarteei, guztien laguntzari esker egin izan baitugu programa». Urte askoan albistegietan aritua da Lizeaga.
Komunikazioa
'Zaindu' estreinatuko dute gaur ETB2n eta etzi ETB1en, osasunari buruzko saioa
Diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, arnas gaixotasunak eta depresioa aztertuko dituzte lehen ataletan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu