Zientziaren mundua modu askotan lantzeko aukera dago, baina telebistan, oro har, ez du tarte nagusirik hartzen. Salbuespenak badira: ETBn, Elhuyarrek hogei urte daramatza Teknopolis saioa egiten. TVEn, berriz, Bizkaiko K2000 ekoiztetxea arduratzen da Orbita Laika saioa egiteaz; La2 kateak bosgarren denboraldia estreinatu zuen martxoaren 18an. Astelehenero ematen dute, 22:00etan.
Orbita Laika-ren formatua berritu egin dute aurten. Aitor Gutierrez programako zuzendariak nabarmendu du lehen denboraldiaren esentzia berreskuratu nahi izan dutela, «baina science show baterantz eboluzionatuz». Hori lortu ahal izateko, zientziaren eremuko aurkezle bat aurkitu nahi zuten. «Interpretazio dohainak izango zituen norbait ere nahi genuen». Eduardo Saenz de Cabezon matematikaria izan da aukeratua. «Matematika erakusten die herritarrei sare sozialen bidez, eta mundu osoan ibiltzen da zientzia dibulgazioan. Osagai guztiak zituen gure saiorako», gaineratu du Gutierrezek.
Aurkezle berria ez ezik, kolaboratzaile berriak ditu programak: Deborah Garcia (kimika), Javier Santaolalla (fisika), Carmen Agustin (neurozientzia), Ricardo Moure (biologia), Jose Miguel Viñas (meteorologia) eta Marian Garcia (elikadura). Euskal Herriko kolaboratzaile bat ere fitxatu dute: Laura Moran. Saioko psikologoa eta sexologoa da, eta gizakiak zein bitxiak diren azaltzen du, umore ukituz. Barrerako aukerak sorrarazten ditu, halaber, Raquel Sastre umoregileak.
EHUren laguntza
Duela egun gutxi amaitu dituzte denboraldiko grabaketak. «Esperientzia zoragarria izan da», esan du Gutierrezek. «Telebista saio bat egitea berezia da, baina Orbita Laika bezalako bat egitea, askoz gehiago. Zientzia erakustaldiak ere egiten ditugu atal bakoitzean; zenbaitetan ezustekoak gertatzen dira, baina, zorionez, ez zaigu ezer larririk gertatu». Saioko zuzendariak gaineratu du «funtsezkoa» dela platoan ikusleak izatea: «Bertan jendea egoteak motibatu egiten zaitu; presioa sartzen du, eta indartu egiten du une berezi batean zauden sentsazioa». Aurkezlearentzat eta kolaboratzaileentzat garrantzitsua izaten da jendea gertu sentitzea.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak saioarekin kolaboratu zuen aurreneko bi denboraldietan, eta aurten ere K2000ko lantaldearekin elkarlanean ari da. «Programako zientzia edukiak gainbegiratzen dituzte, ahalik eta zorrotzenak izan daitezen. Zientzia dibulgazioko saio batean funtsezkoa da hori, edukietan bermea izateko», gaineratu du Gutierrezek.
Saioko arduradunari iruditzen zaio zientzia modu erakargarrian eman behar dela telebistan. «Zientzia edukiak modu errazean eta entretenigarrian emateko gaitasuna izan behar dugu. Ikus-entzuleak konbentzitu behar ditugu zientzia itzela dela».
Azkeneko urteetan, Euskal Herriko ekoiztetxeek saio gutxi egin dituzte Espainiako telebista publikorako. Salbuespenetako bat da Orbita Laika, eta horrekin pozik daude K2000n. «Gure ekoiztetxeak saioa egiten baldin badu, hori da RTVEk hautaketa prozesu bat antolatu zuelako eta gure formatua aukeratu zuelako. Orbita Laika grabatzen hasi ginenerako, paperean dena oso zehatz genuen definituta».
Gutierrezek nabarmendu du TVEk ez diela jarri inolako trabarik nahi zuten saioa egiteko: «Ekoizpenaren hasieratik programa egiteko erabateko askatasuna sentitu dugu. Are gehiago, esango nuke atal batzuk prozesuaren erdian sortuz joan direla, eta oso erraza izan dela horiek saioan sartzea».
Orbita Laika-ko zuzendariak uste du ona litzatekeela telebistan zientzia gehiago egotea. «Hori bai, oso argi daukat zientzia ezagutza gehiago beharko litzatekeela, oro har, bizitzan. Egunerokoan erabaki garrantzitsu asko hartu behar izaten ditugu, eta zientziak beharrezko tresnak ematen dizkigu erabaki horiek irizpide propioarekin hartu ahal izateko».
Zientzia, modu jostagarrian
K2000 ekoiztetxeak 'Orbita Laika' saioa egiten du La2 katerako. Bosgarren denboraldian berrikuntza batzuk sartu dituzte. EHUk saioaren edukiak gainbegiratzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu