Zinemari eta telesailei eskainitako euskarazko atari bat sortu dute

Hilaren 15ean jarriko dute martxan 'Zinema uneak'. Finantzaketa kolektiboa ari dira egiten

Sara Sebastian eta Lander Arteaga, Zinema uneak atariaren sortzaile eta koordinatzaileak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zinemaren eta telesailen inguruko euskal leiho bat izateko helburuarekin, Zinema uneak atari digitala sortu dute Lander Arteagak eta Sara Sebastianek. Hilaren 15ean jarriko dute martxan, ofizialki. Baina, aurretik, www.zinemauneak.com blogean ari dira edukiak plazaratzen, atarian iritsiko denaren erakusgarri.

Sebastian telebistako nahiz zinemako errealizadorea eta antzerki zuzendaria da, eta hainbat komunikabidetan idazten du. Arteagak esperientzia du irratian, telebistan eta zineman, ekoizle, komunikatzaile eta errealizadore gisa. Nabarmendu dute «hutsune bat» bete nahi dutela Zinema uneak atariarekin. «Proiektu pertsonal gisa sortu da», azaldu du Arteagak. «Ikus-entzunezko Komunikazioa Madrilen ikasi nuen, eta han zinemari buruzko irratsaio bat egin nuen. Euskal Herrira itzuli, eta EHUn Multimedia Komunikazioa masterra egin nuen. Masterraren amaieran, webgune bat egiteko ideia sortu zitzaidan. Zinema atari konbentzionalen modukoa izan nahi du atariak, baina euskaraz, sumatu bainuen halakorik ez dagoela euskaraz».

Arteagak uste du gaur egun filmak eta telesailak hizkuntza askotan ikusteko ohitura zabaldu dela Euskal Herrian. «Horien inguruan euskaraz informatu nahi dugu. Gainera, ostiraletan zinema aretoetan estreinatzen dituzten filmen fitxak, trailerrak eta kritikak jarriko ditugu». Amurrio (Araba) eta Madril artean joan-etorrian ibiltzen dira Arteaga eta Sebastian, eta Madrilen egiten dituzten prentsako proiekzioak ikustera joango dira.

Proiektua aurrera eramateko, Jaurlaritzak diru laguntza txiki bat eman die atariaren sustatzaileei. «Baina horrekin ez ditugu gastu guztiak beteko». Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri zuten martxan azaroan, eta lehen helburua lortu dute: «2.016 euroko helburua jarri genuen, eta kopuru hori gainditu dugu. Kanpainak datozen asteetan jarraituko du, hilaren 21era arte». Horrez gain, aurrerantzean publizitatea bilatzen saiatuko dira. «Areto nagusietan ikusiko diren filmez idatziko dugunez, espero dugu enpresa banatzaileen interesa piztea eta iragarkiak jartzea».

Arteagak, bestalde, adierazi du Zinea.eus ataria ez duela ikusten lehiakide gisa: «Haiek, jatorriz,Euskal Herriko ikus-entzunezkoen webgunea izan nahi dute. Gure esparru nagusia, aldiz, nazioarteko zinema komertziala izango da». Zinema uneak atariak ibilbide sendoa lortuko balu, etorkizunean podcast-ak eta blogak sartu nahiko lituzkete. «Kolaboratzaile sare bat osatu nahi dugu. Hazi nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.