Zintzilik irratiak madalenetan amaituko ditu 40. urteurreneko ospakizunak

Astelehenean irratsaio berezia egingo dute, 17:00etan, Errenteriako jaien txupinazo festarekin bat eginez. Irailean ekingo diote hurrengo denboraldiari.

Errenteriako Zintzilik irrati librea. ZINTZILIK
Errenteriako Zintzilik irrati librea. ZINTZILIK
urtzi urkizu
Errenteria
2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikasturte oso berezia izan da Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irrati librearentzat. 40 urtez tentsioa igotzen! lelopean, askotariko ekitaldiak eta ekintzak prestatu dituzte irrati autogestionatuaren 40. urteurrena ospatzeko. Datozen egunetan emango diote amaiera urteurreneko ospakizunei, baita denboraldiari ere.

Madalenak datorren astelehenean hasiko dira Errenterian. Eta egun horretarako, Zintzilik irratiak makina bat kontu izango ditu esku artean. Batetik, 17:00etan irratsaio berezia egingo dute. Urte gehienetan denboraldiko azkeneko programa izaten da madalenetako lehen egunekoa, eta aurten ere hala izango da. Elkarrizketak, zuzeneko musika eta Zintzilik irratiko kideen konpainia izango dira programa horretan. Arantxa Otegik jaurtiko du aurtengo suziria, 19:00etan, herriko plazan, eta txupinazoa ere zuzenean entzun ahalko da irratsaio berezian. FMko 100 frekuentzian edoZintzilik.net webgunean entzun ahalko da, zuzenean.

Ondotik, 19:30ean, barraren irekiera egingo dute irratiaren egoitzan: Perratokian, Tomas Lopez kalean. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako. 20:00etan, berriz, Andoni Oilokiegi musikariaren kontzertua izango da.

Nahiz eta jaien ostean ez duten saio propiorik egingo, udan «musika on eta ez-komertzialaren aukeraketa eder batez» gozatzeko aukera eman nahi diete entzuleei haien sintonian. Irailetik aurrera ekingo diote denboraldi berriari.

FMko emisioaren hobekuntza

Jaiak ofizialki hasi aurretik, Ongi Etorri Madalenak ekitaldia egingo dute etzi Errenteriako Xabier Olaskoaga plazan, 20:00etan. Jaki Toki kultur elkarteak antolatzen du ekitaldi hori, eta, aurten, Zintzilik irrati libreak ere parte hartuko du. Beste eragile eta herritar batzuekin batera, irratiko kideak ere omenduko dituzte, berrogei urte bete dituztela eta.

Urteurrena biribiltzeko modua izango dute, beraz, Zintzilik-ekoek. Baina nabarmendu dute urteurrenak poztasun ugari ekarri dizkiela, «tentsioa igotzeko» saiakera horretan. Bakarrizketak antolatu zituzten, kontzertuak, erakusketa bat, mural bat jarri zuten herriaren erdigunean eta abesti bat ere sortu dute propio urteurrena ospatzeko. Kantak zera dio pasarte batean: «'Zintzilikatuen irratia', Inaxitok zioen bezala, baina betiere librea! Berrogei urtez zirikatzen!». Inaxito Albisuri egin diote erreferentzia, hark programa bat egiten baitzuen irratian.

Zintzilik irratiaren murala Errenterian
Zintzilik irratiaren murala, Errenterian. ZINTZILIK

Baina kontu guztien artean, irratiko sustatzaileek nabarmendu dute aurten berri oso on bat iritsi dela: FM bidezko emisioa hobetzea lortu dute, antena Bizarain mendian jarriz. Hain zuzen ere, horrek aukera ematen die Errenterian eta inguruan bizi diren herritarrei irrati librea kalitate hobean entzuteko. «Urte askoko lanaren eta ahaleginaren ondoren lortu dugu hori».

Zintzilik irratia Arrosa sarearen parte da, eta harreman sendoak ditu beste irrati libre batzuekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.