Ezagutu erremontea gertutik | Oriamendi
JAI ALAI ACTIVE EXPERIENCE
Galarreta pilotalekua, HERNANI
2026ko martxoaren 14a
15:00
Azken urteetako JAI ALAI ACTIVE EXPERIENCEren arrakastaren ondoren, Oriamendi Galarretarekin elkarlanean, BERRIAlagunek erremontea gertutik ezagutu eta esperientziaz gozatzeko aukera izango dute hirugarrenez. BERRIAk babesten duen erremonte txapelketaren parte da esperientzia hau, eta martxoaren 14an egingo da; hain zuzen, txapelketako partidaren egunean.
Pilotaren modalitate hori gertutik ezagutzeko, profesionalekin hartu-emanean egoteko eta kirol hori probatzeko aukera izango dute BERRIAlagunek arratsalde batez. Sinetsita baikaude euskaratik bezala gure kulturatik edanez bizi garela; horregatik ari gara euskararen, kirolaren eta kulturaren arteko sareak ehuntzen, pilotakada bakoitzak bere garrantzia duelako.
Ordu eta erdi pasatxo iraungo du bisitak, eta erremontista ezagunek gidatutako esperientzia izango da. BERRIAlagunek aukera izango dute zestoak jantzi eta kirol hau probatzeko, baita BERRIA erremonte txapelketako finalaurreko partidez gozatzeko ere.
BERRIAlagunentzako esperientzia hau martxoaren 14an izango da, 15:30ean, Galarretan, HERNANIN. 20 lagunentzako tokia izango da, eta, zure tokia nahi baduzu, egin erreserba honako esteka honetan: