Solatsu: ezagutu teilagintza bertatik bertara
2026ko otsailaren 02a
Solatsu 1700. urtearen inguruan eraikitako teileria bat da, eta, gainontzeko teileriak bezalaxe, Euskal Herriko industria ondarearen parte da. Ur eta lur mota egokia zuten parajeetan eraikitzen zituzten lantegiok, maiz mendian. Gehienetan herri bakoitzak berea izaten zuen, eta, egun hainbeste ikusten ez badira ere, duela zenbait mende euskal lurralde osoan barreiatuta zeuden.
Elorrioko teileria itxi egin zuten, beste hainbeste herrietakoen pare, eta ahaztuta egon zen luzaz. 2017an, baina, eraberritze proiektu handi bat egin zuten gazte batzuek, eraikina berritzeko eta haren bidez teilagintzaren historia, tradizioa eta jakintza berreskuratzeko.
Etorkizuna eraikitzeko, garrantzitsua da jakitea egungo bizitzaren oinarriak nola jarri ziren. Horregatik, otsailaren 21ean, 10:00etan hasita, BERRIAlagunek aukera izango dute aitzinako ofizio baten, hau da, teilagintzaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko. Lehendabizi, ogibidea ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, eta, ondoren, teila txiki bat egin. Bertaratzeko, ezinbestekoa izango da lekua hartzea, eta BERRIAlagunek 10 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte sarrerak.