Baionako Euskal Museoan bildutakoak
Baionako euskal museoan bildutakoak.
Baiona
2025eko abenduaren 15a
Lapurdiko hiriburuan elkartu ziren larunbatean BERRIAlagunak. Ordurako, neguko eguzkia hasia zen Aturri ibaiaren ondoko eraikin batzuk argitzen, lotsati. Oskarbi zen, eta, haizea freskoa bazebilen ere, eguzkiak bazuen bizkarraldea berotzeko adina indar. Baionako Euskal Museoan ziren biltzekoak BERRIAren komunitateko 36 kide, batzuk 10:00etan, eta besteak, berriz, 10:45ean.
Euskarazko lehen liburua argitaratu zenetik ia bostehun urtera egin zuten BERRIAlagunek hura gertutik ezagutzeko bisita. Oraingoz behintzat, Linguae Vasconum Primitiae-ren ale bakarra dago identifikatua, eta, urtarrilaren 11 arte Baionako Euskal Museoan egongo dela baliatuz, Audrey Farabos museoko dokumentalistak aletu zituen liburuaren ezaugarriak eta garai hartako egoeraren ingurukoak.
Ezaguna da euskaraz argitaratutako lehen liburuak hamabost olerki biltzen dituela, eta lau multzotan banatu ohi direla. Guztiek egiten diete erreferentzia Bernart Etxapareren bizipenei, eta poemak gaiaren arabera bereizten dira: erlijiozko bi, amodiozko hamar, libertatea goratzen duen bat eta euskara goraipatzeko bi olerki jasotzen ditu liburuak. Etxeparek Donibane Garazi inguruko hizkeran eta herri xeheak ulertzeko moduan ondu zituen poemak.
Bordelen argitaratu zen Linguae Vasconum Primitiae, Etxeparek Bernard Lehete abokatuari bidali baitzizkion olerkiak, inprima zitzan. Halaxe eskatu zion: «Imprima erazi diçaçun eta çure eskutik oroç dugun ioya ederra imprimaturic heuscara orano içan eztena...». Liburuak garrantzi berezia du euskaldunon artean, baina euskara goraipatzen duten olerkiek grina berezia sortzen dute; izan ere, Sautrela eta Kontrapas olerkiek honelako pasarteak biltzen dituzte: «Ecen ere lengoageric/ez francefa ez berceric/ oray ez da eredeyten/ heusfcararen pareric» eta «heufcaldun den guiçon orox alcha beça buruya». Audrey Farabosek ere jakin zuen grina hori museo barrura ekartzen.