BERRIAlagunak, erremontea jantzita

BERRIAlagunak, erremontea jantzita. Pilotakada bakoitzak duen garrantziaz jabetuta, euskararen, kirolaren eta kulturaren arteko bidea egiten ibili dira BERRIAlagunak larunbat arratsalde batez.

BERRIAlagunak, erremontea jantzita

Galarreta pilotalekua, HERNANI

2026ko martxoaren 14a

 Larunbat eguerdi euritsua da Hernanin, eta BERRIAlagunak pixkanaka hasi dira biltzen Galarreta pilotalekuko atariak duen aterpean. Oriamendi 2010 erremontearen kultura zabaltzen ibili da urte luzez, eta, laugarren aldiz, aukera eman die BERRIAren komunitateko kideei kirol hori bertatik bertara ezagutzeko; aurtengoa azkena izango da oraingoz, enpresa horrek Galarretaren kudeaketa utziko baitu.

15:00ak jo orduko sartu dira BERRIAlagunak pilotalekura. Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a zain daukate harreran, eta han hasi da pilotaren modalitate horri buruzko lehen zertzedalak ematen, jatorrizko iragarki taula ondoan duela. Eta, lehen azalpenak jasota, kantxarako bidea hartu dute. Atzeko paretatik gertu, Barrenetxeak prest du azalpenetarako erabiltzen duen mahaia: hara hurbildu dira guztiak. Erakusmahaian, beren-beregi kirol horretarako erabiltzen diren eskuz eginiko lanabesen jatorriaren eta eskulan prozesu guztiaren berri eman die bisitariei. Adi-adi entzun dituzte haren azalpenak: pilotaren gramajea eta abiadura, erremotearen pisua, pilotalekuaren luzera... eta teoriatik praktikara pasatzeko tenorea iritsi da.

Erraza dirudi pilotaren modalitate horrek, baina fisikak eragin handia du praktikan, objektuaren abiadura eta pilotaren joskuren irtenguneengatik. Horrekin batera, pareta berde ilunaren koloreak efektu optikoa egiten du, dirudien baina urrutiago baitago aurreko pareta. Hain zuzen ere, 54 metro daude frontisetik atzeko paretera. Euskal Herriko bigarren pilotaleku luzeena da Galarreta.

Ilara luze batean jarri dira bertaratutakoak, eta atzeko paretatik gertu hasi dira lehen pilotak eskuz jaurtitzen, ea nor iritsiko frontisera. Eskuz jaurti edo erremontearekin jaurti, ze-nolako aldeak dauden erakutsi die Endikak —kirol horretako xisterari ere erremontea esaten diote—, eta han hasi da kirol horrek dituen ezaugarririk bereizgarrienak kontatzen. Kirolaren abiaduraren eta kirolarien teknikaren garrantzian mira jarri ondoren, komunitateko kideek aukera izan dute nork bere erremontea jarri eta kirola probatzeko.

Pilotakada bakoitzak duen garrantziaz jabetuta, euskararen, kirolaren eta kulturaren arteko bidea egiten ibili dira BERRIAlagunak larunbat arratsalde batez. Eta, gero, BERRIA Erremonte Txapelketako lehen bi partidez gozatzeko modua ere izan dute esperientzian parte hartu dutenek.