Bisita pagadien gerizpera, gure basoen erraietara

BERRIAlagunak Aralar natur parkean izan ziren larunbatean, gure basoek ezkutatzen dutenaren berri izateko.

Bisita pagadien gerizpera, gure basoen erraietara

Lizarrusti

2026ko ekainaren 22a

Euskal Herri osoan iragarrita dagoen beroa baino jasangarriagoa da Lizarraustiko aparkalekuan goizeko 9:30ean dagoen giroa. BERRIAlagunak tantaka ari dira etortzen, baina ez dira tantaka iritsi diren bakarrak izan. Lainotuta dago oraingoz, eta, aldian-aldian, euri arina ari du. Yoana Garcia ere iritsi da, Aranzadi zientzia elkarteko Botanika Saileko zuzendaria, eta taldea osatu orduko atera ditu ‘Gure basoak’ liburuaren ale batzuk.
 
Basoa «zuhaitz multzo bat duen eremua» eta «gizakiontzat arnasa hartzeko lekua» dela erantzun diote bertaratuek Yoanaren «zer da basoa?» galderari. Eta hortik abiatuta hasi da BERRIAlagunen larunbat goizeko esperientzia.
 
Aparkalekuaren amaierako bidezidorra hartu, eta basoan murgildu da taldea. Abiatu direnetik 5 minutu eskas pasatu direnean egin dute lehen geldialdia. Garciak bere liburuaren ale bat atera du bizkar zorrotik, eta ibilbide osoan zehar bidelagun izango du. Zer-nolako basoa den jakiteko, 18. eta 19. orrietan dagoen informazioari erreparatu behar omen zaio, eta hala hasi dira BERRIAlagunak orri horiek aurkitu nahian. Baina ingurura begiratzeko gonbita egin die zuzendariak: «Zerk inguratzen gaitu?». Zuhaitzak ez dira adin berekoak, ez daude ordenatuak, ez eta kimatuak ere, eta badago egun hila inguruan. «Orain, erreparatu zuhaitz helduen azalari»: azal leuna dutela jabetu direnez, badakite oraingo baso habitat hori pagadia dela. Liburura ekarri dute begirada, eta jauzi egin dute 48. eta 49. orrietara, eta irudi ederren laguntzaz ebatzi dute lurzoru aberatseko pagadian daudela.
 
Eta hor hasi da lehen galdera oldea. Guztiak xehe-xehe erantzunda abiatu da taldea hurrengo geldilekura, eta laster xamar egin dute bigarren etenaldia. Harkaiztian daude oraingoan, eta Botanika Saileko zuzendariak bidean jasotako hiru hostori begira daude adi-adi. Hostoen kizkurdurari eta ileei erreparatu diete oraingoan, eta baso mistoez ere aritu dira hizketan. Hostoetako ileak, sustraien luzera eta enbor fina baldintza jakin batzuetan bizirik irauteko estrategiak direla ikasi dute.
 
BERRIAlagun bat ingurua aztertzen ari da, eta harrituta geratu da harkaitzean hazitako pagoari begira. Halaxe bota dio adituari: ‘Gu loreontzi bateko landarea ezin aurrera atera... eta nola da posible hau arrokaren gainean bizitzea?’. Argi erantzun dio Garciak ‘landare bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta zuhaitz mota bakoitzak bere estrategia du bizirik irauteko’.
 
Maldan gora abiatu da taldea, arnasa berritzeko mintzaldi laburra egin du Garciak, eta azpimarratu du urteetan basoak ez direla babestuta egon. Espezie exotikoez bete ziren behinola lurrok, basoak ustiatzeko eta egurra lortzeko landatuak. Ez dago baso naturalik ez eta ukitu gabeko basorik ere Euskal Herri luze-zabalean. Ukitu gabeko baso bat aurkitu nahi izatera, gertuen dagoena Poloniako Bialowiezan dago, 3.000 kilometrora. Eta azpimarratu du garrantzitsua dela basoak babestea, horretarako politika egokiak egin behar direla, bizia nonahi ezkutatzen baita basoan.
 
BERRIAlagunei hauspoak lasaitu orduko segitu dute maldan gora. Beste pagadi zabal batekin egin dute topo: pago horiek ere luzeak dira, eta zabalgunearen erdian txondorra dute. Hura eskuinaldean utzita egin dute hurrengo geldialdia. Egur ikatza egiteko, urte luzez, pagoaren moduko zuhaitzak erabili izan ziren. Maiz ikusi izan dituzte bisitariek zutargi moduko enbor zabala duten pagoak; hain justu, horiek egur ikatza sortzeko erabiltzen zirela erakusten duten aztarnak dira. Pagoaren egurra baliatzeko, bi-hiru metroan moztu egiten ziren. Hartara, denbora tarte bat utzi ondoren, enborretik ateratarako adarrak mozten ziren, zuhaitza hil gabe hura ustiatzeko.
 
Eta ekin diote, berriz ere, bideari; orain arte ikusi gabeko ingurune batean geratu dira, eta arrokak goroldioz estalita dauden habitat batekin egin dute topo. Zerbait berezia senti daiteke leku honetan, ikusgarria da ingurua. Berdea ere berezia da.
 
Habitat berezi horretatik azken geralekura joan dira, Sorozaharreko Haginara. Arroka malkartsu batera igo, eta bertan dago zuhaitz ikusgarria, bakarrik, eta arrokaren puntan. Azal gorriko eta hosto iluneko haginak euskaldunontzat esanahi berezia ei du, bakardadearekin, iluntasunarekin eta heriotzarekin lotzen baita askotan. Baia gorriko zuhaitz toxiko harekin txundituta, aparkalekurantz abiatu dira bisitariak. Bukatu da gaurko txangoa. Begirada zorroztu dute; ‘Gure basoak’ liburuaren laguntzaz, inguruko zuhaitzei beste alde batetik begiratuko diete hemendik aurrea.