Euskal Herriko lur emankorretan izan dira BERRIAlagunak
Euskal Herriko lur emankorretan izan dira BERRIAlagunak.

Lantziego, ARABA
2025eko urriaren 04a
Azken mendeetan mahastiz bete dira Arabako Errioxako lautadak. Mahastiak jarri aurretik, baina, leku hori olibondoek betetzen zuten, eta Lantziego herria oraindik ere horren isla da. Mahasti sailez inguratuta daude hainbat olibadi, eta han dago Erroiz Olioak. Azken lau urteetan BERRIAk egin duen modura, aurten ere BERRIAlagunek Euskal Herriko oliogintza ezagutzeko aukera izan dute, eta hogei lagun elkartu ziren urriaren 4an Mikel Izagirre sortzaileak kontatzeko zituenak entzutera.
Hiru geldiune zituzten aurretik BERRIAlagunek. Autoan sartu, eta lehenera joan dira, olibadira. Luze eta zabal aritu da Mikel, bere olibadia erakutsi eta zuhaitzon ezaugarriak azaltzen; noiz edo noiz BERRIAlagunen dudak ere argitu ditu, eta olibondoen kimaketaz, oliben egoeraz eta uztaz ere mintzatu da. Uda behar baino lehorragoa izan dute herrian; horrek ere zuzenean eragin dio uztari, eta zerura adi-adi dira, tantaren bat ekarriko duen deseatzen. Bigarren geralekurako bidea hartu dute bertaratutakoek, eta herriko kooperatiba zaharrera sartu dira , herriko dolarera. Urteetan herrikideek beren ekoizpena nola egin izan duten azaldu dute Mikel eta Santos Izagirre aita-semeek, eta bideo baten bidez erakutsi dute gaur egun nola ekoizten den bertan olioa. Herriko kaleetan barrena iritsi dira Erroiz Olioak-en egoitzara. Gaur egungo dolarea ezagutzeko eta makina berriak ikusteko tartea izan dute bertan, eta, ondoren, olio dastaketari ekin diote. Esperientzia aberatsa bezain berezia izan dela aipatu dute bertaratutakoek, bistan baita lurra eta proiektua lantzen duten mimo berarekin lantzen dutela gure hizkuntza Arabako Errioxako txoko honetan, Erroizen.