‘Nor naizen baneki’, hausnarketarako bidaia.
‘Nor naizen baneki’, hausnarketarako bidaia. .

Luhuso, LAPURDI
2025eko urriaren 10a
Eguneko azken eguzki printzekin batera elkartu ziren atzo hainbat BERRIAlagun eta Ipar Euskal Herriko Hitzako harpidedun Harri Xuri kultur gelan, Luhuson. Bertan ari da azken zertzeladak fintzen Nor naizen banekiantzerkiko lantaldea; Axutek eta Artedramak elkarlanean ekoitzitako antzerki hori urriaren 17an estreinatuko dute, Luhuson bertan. Estreinatu aurreko azken egonaldi artistikoa du lantaldeak; aurrez beste bi egonaldi artistiko eginak ditu jada. Luhuson, bi astez buru-belarri aritu dira obra fintzen, eta, azken txanpan sartu berri diren honetan, han bildurikoek entseguaz gozatu eta antzezleekin eta zuzendariarekin solastatzeko tartea izan zuten amaieran.
Antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertzen dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egun arte. Tartean dira, besteak beste, inkisizio garaia, karlistadak, gerra zibila... Denboraren lerroan saltoka dabilen historia kontatzen du lanak, eta atrezzo neurtuak, argiztapenak eta soinu teknikak denboraren joan-etorrietan, garaian-garaian kokatzen laguntzen dute. Kantuak ere badu bere lekua lanean; soinu banda horrekin, antzezlanak, azken mendeetako gertakarietara hurbiltzeaz gain, barne hausnarketarako bidaiarako txartela ere eskaintzen du, hartu beharreko erabakiek sortzen duten kontraesanekin dantzatzekoa.
Lan taldea:
Idazleak: Harkaitz Cano, Ximun Fuchs.
Zuzendaritza: Ximun Fuchs.
Aktoreak: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga.
Koreografia: Philippe Ducou.
Argiztapena: Acronica.
Musika: Xabier Erkizia.
Soinua: Philippe Barandiaran, Xabier Erkizia.
Ekoizpena: Iasone Parada, Argi Perurena, Mikel Unamuntzaga.
Banaketa: Irantzu Azpeitia.
Zuzendaritza: Ximun Fuchs.
Aktoreak: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga.
Koreografia: Philippe Ducou.
Argiztapena: Acronica.
Musika: Xabier Erkizia.
Soinua: Philippe Barandiaran, Xabier Erkizia.
Ekoizpena: Iasone Parada, Argi Perurena, Mikel Unamuntzaga.
Banaketa: Irantzu Azpeitia.
Mediazioa: Arantxa Hirigoyen.