Masao Adachi
Herrialdea: Japonia.
Urtea: 2007.
Iraupena: 113 minutu.
Aktoreak: Tomorowo Taguchi, Panta, Taka Okubo.
Masao Adachi japoniarraren filmak estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango dira Zinebiren ekimenari esker. Adachi 60ko hamarkadan pink eiga mugimendua garatzen ari zen garaian hasi zen pelikulak zuzentzen, eta gutxik imajinatuko zuketen noizbait Prisoner/Terrorist film krudel eta gogorra burutzera irits zitekeenik. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta 1971n Fusako Shigenobu Japoniako Armada Gorriaren sortzaileetakoa ezagutu ez balu, pelikula erotikoak egiten jarraitu ahal izango zuen lasai asko. 80ko hamarkadaren erdialdera arte nagusi izan ziren film horiek Japoniako industrian, eta Nagisa Oshima izan zen korronte hartako ordezkaririk esanguratsuena. Adachik Oshimaren filmetan gidoilari gisa lan egin zuen. 1971n Cannesen Koji Wakamatsu lagunarekin batera filma aurkeztu ostean Libanora egin zuen bidaia iraultzaile japoniarrekin elkartzeko asmoz. Alfonbra gorria armengatik aldatu zuen. Bertan, Japoniako Armada Gorriak talde armatu palestinarrekin batera Israelen aurkako borrokan ziharduen, eta Adachik eurekin bat egitea erabaki zuen. Iraultza eta zinema egitea gauza bera zirela pentsatzen zuen, eta urte hartan Sekigun filma grabatu zuten. Zinema politikoa egitea ez zen nahikoa, eta, horregatik, kide bat gehiago bilakatu zen. Kartzelan preso egon ostean kamera hartzea erabaki du, eta Prisoner/Terrorist izan da askatasunean dagoenetik egin duen lehendabiziko lana. Hollywoodek kartzelako filmak abenturazkoak bailiran burutu ditu, eta ihesaldirik ikusgarri eta harrigarrienak kontatu nahi izan ditu. Adachiren helburua bestelakoa da, ordea: ikus-entzulea torturatzea da bere asmoa. Aktoreak burua galdu ez badu, mirari bat izango da. Edonor erotzeko moduko lan ankerra zuzendu du japoniarrak, eta espetxean daudenek bizi duten infernuaren ezinbesteko lekukotza da.
Kritika. Prisoner/Terrorist (Yuheisha-terorisuto)
Cannes-Beirut-Tokio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu