Miarritzeko Maitaldia jaialdia
Obra: 'À table!'
Konpainia: Seo.
Lekua: Miarritzeko Kasinoa.
Eguna: Irailaren 16a.
Hego Koreako Seo konpainiaren etorrerak ikusmin handia piztu du Miarritzeko dantza jaialdia segitzen dugunon artean, Ekialde urruneko garaikidetasuna ezagutzeko parada eman digulako. Gainera, Misook Seok oihartzun nabarmena lortu zuen Avignongo festibalean bere aurreko lanarekin eta, hortaz, gertakizun eszenikotzat jo zitekeen A table!-ren estreinaldia. Proposamena, aldiz, nahasia izan da oso, eta ikusle askoren entusiasmoa piztu duen arren, beste batzuengan asperraldi handia sortu du eta emanaldian zehar ez dira gutxi izan aretotik banan-banan irten direnak.
Seok mahaiaren plazerak eta gizakiaren gainontzeko desioak hartu ditu aitzakiatzat, eta agertokiaren hutsean —atzeko eta alboetako oihalak ere desagertuak ziren— berde koloreko lau mahai handi paratu ditu. Piezaren planteamendu orokorra, ordea, guztiz zatikatua eta bat-bateko etenaldiz eta justifikaziorik gabeko jauziz betea izan da, ikusleen kontzentrazioa behin eta berriro hautsiz eta ganorarik gabe igaroz koadro interesgarri batzuetatik funtsik gabeko beste batzuetara.
Soinu-banda ere diletantismo horren adibide garbia izan da, eta hasierako eszenan Mozarten Requiemeko zati bat entzun ondoren, Noir Desir taldearen rocka etorri da, eta gero Scarlattiren zatiak abestu ditu kantari batek Alberto Iglesiasen edota Misook Seoren beraren kantak tartekatuta.
Baina Seok birtuosismo handiko dantzariekin lan egitea gustuko du eta bide horretatik etorri dira une interesgarrienak, batez ere urre eta kobre koloreko azpiko jakak zituzten lau zerbitzariek banaka dantzatu dutenean —Jerome Kaplanek diseinatu ditu arropak—, edota taldeko neska bakarra mahai gainean agertu eta gizon guztien dantzakide bihurtu denean, eszenaren balizko erotismoa ia subliminala zela.
Esandako pasarte misteriotsu eta poetiko horietan elkartu dira hobekien dantza garaikiderik zorrotzena eta dantzarien heziketa klasiko sendoa, eta egia esateko horixe izan da koreografoak eskaini digun plazer bakarra, mahaiak eta gainerako desioek eman ahal dizkigunetatik urrun, oso urrun.
Kritika. Dantza
Ekialde oso urruna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu