Egilea: Sofi Oksanen.
Itzultzaileak: Mia Rissanen eta Joseba Ossa.
Argitaletxea: Alberdania eta Erein (Batera saila).
Badaude teoriak bakoitzaren gogara. Batzuen ustez, sormen lan bat bere osoan ulertzeko, ezinbertzekoa da egilearen bizipenen ezagutza. Bertzeen ustez, gutxi inporta du ezagutza horrek, obrak berak azaleratu behar ditu bere erraiak gure adimenarentzat. Ni neu bigarren uste honetatik gertuago nauzue, baina egileak bere burua nola edo hala sartu baldin badu pertsonaien artean, susmoa dut haren bizipenen ezagutzak ez ote digun emanen giltza gehiagoren bat, gero irakurleok irakurketa autonomoak aberasteko.
Gure gaurko honetan, zeharka sartu du bere burua egileak narrazioan; hirugarren planoko Talvi pertsonaiaren bidez, alegia: Estoniako alaba, sobietar garaietan eta giroan jaioa, Finlandiak erakarria eta hartara ezkondua, baina Estonian gelditu amarekiko eta horrek sortzen dizkion kezkekiko loturak hautsi ez dituena. Sofi Oksanen nobelagile finlandiarraren ama, izan ere, Talvi bezalatsukoa da.
Irakurle anitzen ustez, batik bat finlandiar eta estoniarren artean, epopeia halako bat omen da narrazio hau, Estoniako independentziaren aldeko borrokarena. Eta horri esker lortu bide zuen arrakasta itzela Finlandian bertan nobelaren aurreko bertsioak, antzerki obra gisa burutua 2007an (gero etorri zen, 2010ean, gure esku arteko eleberria, bertzeak bertze bi sari handi lortu zituena urte berean: Danimarkak, Finlandiak, Islandiak, Norvegiak eta Suediak bat eginik fundatu Iparraldeko Kontseiluaren Literatur Saria lehenik eta Urteko Nobelarik Onenaren Europako Saria gero). Estoniar mundutik urrunago bizi garen irakurleok ez gaitu, ene kasuan behintzat, harrapatzen ildo horrek, bertze batek baizik, hagitz literario hutsagoa berau: historia baten kontaketa, non pertsonaia nagusietan benetako hezur haragizko bi dauden. Aliide Truu bata, alarguntsa zaharra, bereak eta bortz sufritu eta egin dituena bere burua —barka, bere burua baino gehiago Hans Pekk gudari abertzalea— Stalinen garbiketetatik gordetze aldera. Zara neska gaztea da bertzea, Vladivostoketik Aliideren Estoniako etxean 1992an agerturikoa nobelaren hasieran, Sobietar Batasunaren osteko giroan Berlinera joan eta eme-haragi trafikante mafioso baten atzaparretatik ihes egin ondoren. Bien arteko solasak, elkarrekiko mesfidantza eta beldurra nola higituko diren pixkanaka Aliiren xamurtasun aldera eta ezustean bihurtu Zararentzako babes, bien bizipenen kontakizunen gurutzaketa tentu handiz egina bakoitzaren aldetik… horren guztiaren bilakaeraren sigi-sagak maisuki diseinatu eta koloreztatu, haragitu ditu egile orojakileak. Badituzte biek odol-loturak elkarrekin, baina Aliidek ez jakin eta Zarak loturarena baizik ez. Adimen fin-finaz ibili beharko du irakurleak antzemanen badio nola joaten diren kokatuz lotura horien itzalak kontakizunaren garapenean barna, sotiltasun handiz ereinda daudenez, klima narratibo berezia lortuz bidenabar.
Lau atal du narrazioak, gehi borzgarrena dokumentu-eranskin gisa. Aliide eta Zara daude aurrez aurre lehen eta laugarrenean, Aliideren historia latza eta luzea bigarrenean, Zararengandik abiatuko da argi fokua gaztearen istorioak eta Aliideren bertze alde batzuk azaleratze aldera hirugarrenean. Atal bakoitzak azpiatal labur anitz du (54 guztira), koadro eszeniko halakoak izanen bailiran (nobelaren antzerki-jatorriaren zama, nonbait), bakoitzeko buruan egoerari dagokion urtea jarririk, jauzi kronologikoak atzera-aurrera eginik noizbehinka. Azpimarra gorri gisa, etenka joate hori gehiegizkoa egin zait niri, ezer berezirik ez dakarkiolakoan narrazioaren funtsari.
Literatura. 'GARBIKETA'
Familia baten sigi-sagak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu