'Soinujolearen semea'
Egilea: Bernardo Atxaga. Antzerkirako egokitzapena: Patxo Telleria. Zuzendaria: Fernando Bernues. Musika: Iñaki Salvador. Ekoizleak: Tanttaka eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko antzoki publikoak. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: urriak 18.
Agertoki aurreko gortina tolesgarri bertikalak zabaldu direnean agertu da David heldua, hil ala biziko ebakuntzaren zain, eta material tolesgarri bera erabili da atzeko aldean, guneak banatzeko eta sortzeko. Jose Ibarrolak sortutako eszenografia egokia izan da hasiera eta amaierako giro klinikoa irudikatzeko, eta, bere hoztasuna gorabehera, ondo ahalbidetu du jatorrizko eleberrian azaltzen diren leku ugariak kokatzeko.
Ene uste apalean, ordea, diseinu horren meritu nagusia da Soinujolearen semea-ren ezaugarri nagusietariko bat begi-bistan jartzea, Atxagaren nobela nagusian maisuki tolesten, uzkurtzen eta luzatzen baita denbora —pertsonaien barne denbora, Euskal Herriko denbora, XX. mendeko denbora—, geure oroimenetan gertatzen den bezala.
Jakina denez, ez zen erronka makala hain eleberri mardul eta konplexua eszenara eramatea, eta itsasontzi handi hau portu onera eramateko ezinbestekoa izan da Patxo Telleriaren egokitzapena, testuaren ildo nagusia sintetizatzeaz gain, zati gogoangarri askoren laburpena egin baitu, narrazioan zekarrenetik funtsezkoena erauziz eta handik ateratako pieza labur guztiekin argumentu koherente eta trinkoa eraikiz.
Hortik aurrera, Fernando Bernuesen eskua etorri da, eta nabaria izan da hainbat pasarte eszenaratzeko estilo poetikoa —gaixoaren arnasa, errekako uren hotsa, hotelean eragindako sua, soinujolearen eta semearen arteko azken telefono deia...—, nahiz eta beste elementu batzuen erabilera —euritakoak, maletak, bizikleta, arropa eskegia...— erdibidean geratu diren, duin eta estimagarri, baina jatorrizko testuari zerion poetikatik urrun, agian eremu eszenikoaren zurruntasunagatik edo agian testua egokitzeko eragatik, bertan ekintza eta dinamismoa nagusitu baitira poesiaren gainetik.
Ekoizpenaren neurriaren arabera, handia izan da antzezleen taldea, batez ere kontuan izanda protagonisten umezaro, gaztaro eta helduaroa irudikatu behar zirela. Txukun gorpuztu dituzte haiek guztiek beren pertsonaiak, baina haiei guztiei gogoratu behar zaie ahots proiekzioa nahitaezkoa dela antzokietan jarduteko, horren ezean motz geratu daitekeelako antzezlanaren berezko indarra. Bestetik, pozteko modukoa izan da Arriaga antzokia ondo beteta ikustea, eta bertoko nahiz leku askotako euskaltzaleek berotasun handiz eskertu dute emanaldiaren esangura berezia.
Kritika. Antzerkia
Gai tolesgarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu