Egilea: Antton Dueso.
Itzultzailea: Miel A. Elustondo.
Argitaletxea: Desclee.
Hamar narrazio hiperlabur gehi mikroipuin oparizko bat, horiexek aurkituko ditugu liburuxka honetan. Izenburuak garbi erakusten du liburuaren asmoa, itzulingururik gabe: irakurleari izua eragitea, oilo ipurdia jartzerainoko izua.
Istorio bakoitzak beldurrezko kontakizunen gai klasiko bat proposatzen du: espiritismoa, banpiroa, eskale zaharra, budua, mamua, medikuntza, ohe azpiko mamuak, itzal jarraitzaileak, igarleak eta sorginak.
Testu guztietan, gaiaren aurkezpena, pertsonaiena eta garapena segida laburrean doaz, lau orrialde eskas luze diren kontakizunetan. Pertsonaiak eta euren ezaugarriak bi zertzeladatan aurkezten zaizkigu, justuak, kontakizunak aurrera egin dezan behar den horixe eskainiz. Egia esan, kontakizun hain laburretan, ezin bestela izan.
Istorioen egituraketa tentsioa goraka eramatean datza; aurkezpen xume baten ondoren, aktoreen arteko harremana eta haien arteko gatazkaren garapena azeleratzen dira, eta amaieran, ezusteko batekin goia jotzen dute.
Ezaugarri horiek guztiak kontutan hartuta, hamar bat urtetik aurrerako irakurleen eta gaubeilazaleen denbora-pasatzat egindako liburu baten aurrean gaudela esan genezake, literatura goitiarra egin gabe, bere xumean testu eraginkorrak eskainiz, iradokitzaileak artez eta moldez, gomendagarriak bere generoan.•
Haur eta gazte literatura. 'OILO-IPURDIA JARTZEKO MODUKO IPUINAK'
Gaubeilatan irakurtzekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu