Literatura. 'LORATEGIKO FESTA'

Goiko klasearen erretratu gordina

Leire Lopez Ziluaga.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Egilea: Katherine Mansfield.

Itzultzailea: Anton Garikano.

Argitaletxea: Elkar.

Katherine Mansfield Zeelanda Berrian jaio zen, 1888an, familia dirudun batean, baina Ingalaterran eman zuen bizitzaren zatirik handiena. Gazterik hasi zen ipuinak aldizkarietan argitaratzen, eta 1910eko hamarkada hasieratik aurrera hartu zuen indar gehien haren lan literarioak. Anton Txekhoven lana ezagutu zuen sasoi hartan, eta eragin handia izan zuen bere lanean. Mansfield gazterik hil zen, 1923an, tuberkulosiaren ondorioz. Gaur egun modernismo ingelesaren izen handienetakotzat jotzen da, baita XX. mendeko ipuingile nagusienetakotzat ere.

Mansfieldek XX. mende hasierako goiko klasearen erretratu gordina egiten du ipuinetan. Lasai egiten dute aurrera ipuinok, zehaztasun txikiei garrantzia emanez, kontatu nahi duen bizitza zatia bikain irudikatzeraino. Pertsonaia protagonista sendoak eraikitzen ditu, ondo egituratuak, eta haien bizitzako une jakin bat kontatuta, gainerakoa nolakoa izan den asma dezakegu gutxi gorabehera. Burgesiaren bizitza gatzgabea erakusten digu: batzuetan argi eta garbi; esate baterako, Koronel zenaren alabak ipuinean, zeinetan hil berri den koronelaren alabak ikusten ditugun, haren autoritatetik kanpo bizitzen hasteko gaitasunik gabe —eta haren autoritatearen pean haien bizitza zer-nolakoa zen imajina dezakegu—; beste batzuetan, hala nola Lorategiko festa bikainean, ustez ezin hobeto pasatzen ari diren pertsonak ageri zaizkigu, baina festatik kanpo —eta festan bertan— duten bizitza aspergarria adierazten zaigu lerro artean. Ipuin horretan Mansfieldek darabilen beste gaietako bat aurkituko dugu: klase gatazka, burgesiak langileekin duen ezaxola ia osoa. Bereziki interesgarria da zein ondo adierazten duen burgesiak klase baxuekin duen paternalismoa eta zinismoa: ipuin horretan bertan, auzoko langile bat hilko da, eta festa ez dute bertan behera utziko, baina soberakinak bidaliko dizkiete hildakoaren familiakoei, edo Ma Parkerren bizia ipuinean, Parkerri iloba hil zaiola jakitean literatoak hileta handia izan al zen galdetuko dio, «neskamea bezalakoek hainbesteko balioa ematen zietenez hiletei».

Mansfielden hau Urrezko biblioteka bildumako bigarren zenbakia da. Literatura Unibertsala bildumaren aurreneko ehun zenbakiak eskuragaitz zeuden; hori dela eta, bilduma hartako liburuak berrargitaratzen hasi da EIZIE, oraingo honetan Elkar argitaletxearen eskutik. Oraingoz, 20 titulu berrargitaratuko dituzte, zuzenduta, hurrengo bost urteetan. Ez dakit zein eragin izango duen lehen berrargitalpen sorta honek sortzen ari garen kanonean, baina aurreneko 20 zenbakiak begiratuta, behintzat hautatu direnen artean Literatura Unibertsala bilduman zeuden poesia liburu eta emakume ia guztiak sartu dira, bildumak sortzen zuen kanonaren arazo bat aipatzearren —honek ez du konpontzen bilduma osoak duen arazoa, gero etorriko dira eta gainerakoak, baina nahiko nuke Literatura Unibertsalak hemendik aurrera egingo duen bidearen adierazle izatea—. Aipagarriena liburuen itzulpenak eguneratzeko eta hobetzeko egindako ahalegina da eta, kasu honetan, bikaina da Anton Garikanok eta editoreak egindako lana. Zalantza gehiago sortzen dizkit bildumaren diseinuak; azken urteetan nahiko harritu naiz, eta ez onerako, helduentzako euskal literaturako liburuen diseinuak haur literaturako liburuenaren gero eta antz handiagoa hartzen zuela ikusita, eta ez dakit Urrezko biblioteka izen ponposoa duen bilduma batentzako biderik egokiena den. Nolanahi ere, poztekoa da deskatalogatuta zeuden zenbait liburu bikainen bertsio hobetuak esku artean izango ditugula jakitea, Mansfielden hau kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.