Egilea eta ilustratzailea: Tomi Ungerer.
Itzultzailea: Itxaro Borda.
Argitaletxea: Ikas.
Haur-jale baten istorioa da hau, amaiera oneko istorioa, direnetan haur-jale asegaitzenarena: «Beti naiz goseak hila: / Badator neska, mutila. / Banoa bazkari bila. / Goseak ez nazan ehortz / behar nituzke ume bortz / jateko aho bete hortz».
Halako lan probokatzailearen atzean XX. mendeko egile goraipatuenetariko bat dago, euskal letretan Hiru bidelapurrak eta Otto liburuei esker ezagutzen duguna. Kontakizunak bi lan horien ezaugarriak erakusten ditu. Esaterako, Hiru bidelapurrak obran bezala, heroia gaizkileak onbidera ekarriko dituen neskato bat da, eta, Otto hartan bezala, zoria da gertaera guztien giltzarri, errealitate bidegabearen salaketarekin batera. Bost bat urtetik aurrerako haurrentzako liburu ilustratu hau ez da nolanahikoa, ezaugarri asko ditu aparteko bihurtzen dutenak, aipagarrienak testuaren eta irudiaren arteko oreka zein irudien adierazkortasuna dira. Haurrak bitartekaria beharko du ipuinaren ñabardura guztiez jabetzeko, baina —hau bai paradoxa—, ilustrazioen behaketa hutsarekin kontakizunaren muinaren jabe egingo da.
Izan ere, ilustrazioek istorioaren gakoak zehaztu eta bigarren mailako informazioa ere ematen dute, baina haurrak bere ondoan heldu bat behar du ipuinaren jabe osoki egiteko eta —ez da hau garrantzi gutxikoa— kontaketak dituen tentsio-guneak babesean gainditzeko.
Bordaren itzulpenak Ungererren ironia fina nabarmentzen du, eta obra are deliziusago bihurtzen.•
Haur eta gazte literatura. 'ZERALDAREN ERRALDOIA'
Haur-jaleen neska txatxa deliziusa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu