Euskal Herriaren historiaren bi garai esanguratsu korapilatzen dira Xabier Mendigurenen Alsina lan berrian: 1936ko gerra ostetik Bigarren Mundu Gerraren hastapenetara bitartekoa bata, eta 1980ko hamarkadakoa, bestea. Emakume bat da eleberriko protagonista. AEBetatik Euskal Herrira etorriko da; haren gurasoek, lau hamarkada atzera, kontrako norabidean hasi zuten bidaia hura, gerratik ihesi 'Alsina' itsasontzira igo zirenean.
Bi hari horiei beste bat batu die idazle eta editoreak, gaur egungo ikuspegitik mintzatzen diren bi lagunen elkarrizketekin osatu duena. Idazlearen jardunaren inguruko gogoetak ere tartekatu ditu.
Ikasketaz filologoa da Mendiguren (Beasain, Gipuzkoa, 1964), eta editorea lanbidez, Elkar argitaletxean. Hainbat ipuin-bilduma eta eleberri plazaratu ditu urteotan, hala nola, Bekatuaren itzala (1995), Berriro igo nauzu (1997), Uda betiko balitz (2003), Arima enkoniatuak (2006), Elvis hil zen urtean (2007), Bizitza homeopatikoak (2008) Sakoneta (2011) eta Arantzak barrurantz (2014).