Izenburuak biltzen du mamia: argazki liburuena, bere horretan, fenomeno oso bat da. Azken urteetan nabarmen hazi den fenomenoa. Hori aldarrikatu nahi du San Telmo museoak Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroarekin (CCCB) eta Foto Colectania Fundazioarekin ekoitzi duen erakukestak. Vicenç Villatoro CCCBko zuzendariak hala defendatu du argazki liburuen fenomeno izaera, gaur goizean egindako aurkezpenean: "Ezin da oraina kontatu argazkilaritzarik gabe. Argazkia gehi liburua berdin narratiba da. Liburua artefaktu gisa ere aldarrikatu nahi dut. Liburua da argazkiaren geroa. Baita oraina ere".
Gabriela Cendoya bildumagileak 2.000 argazki liburutik gora utzi zituen San Telmo museoaren eskuetan, iaz. Eta, hein handi batean, Cendoyak museoari egindako ekarpenari lotuta dago gaur aurkeztutako erakusketa, Susana Soto San Telmoko zuzendariak azaldu duenez.
Erakusketa handia da, sei ataletan banatua. Nazioarteko komisarioen ikuspegiak jarri dituzte elkarrizketan, eta Moritz Neumüller komisarioa arduratu da horiek josteaz: Martin Parr eta Gabriela Cendoyak bildumagilearen ikuspegia eskaini dute; Markus Schaden eta Frederic Lezmic komisarioek Life is good & Good For You In argazki liburua landu dute; Horacio Fernandezek Museoa da liburutegia atala ondu du; Gerry Badgerrek Propaganda-liburuak versus protesa liburuak atala osatu du; eta Irene Mendozak eta Neumüllerrek argazki liburu garaikideak hartu dituzte azken atalean.
Jarduera programa batek osatuko du erakusketa. Horien artean, igande honetan, eguerdiko hamabietan, egingo duten mahai-ingurua nabarmendu dute; Martin Parr, Horacio Fernandez, Gabriela Cendoya eta Moritz Neumüller ariko dira argazki liburuen fenomenoaren inguruko eztabaidan.