«Esamolde bat da, erran zahar bat, ez sobera ezaguna. Norbera bere arkanbele kantarekin ari dela diogu baldin eta uste badugu lehendik maiz aditu diogun zerbait errepikatzen ari dela, bere erretolika ezagunean ari bada. Arkanbele bat bezain temoso». Batzuk hala aritzearen ospea dutela dio Mikel Tabernak (Lesaka, Nafarroa, 1957), baina, egiaz, ez dela hortik libratzen denik. «Bakoitzak jotzen dugu gure arkanbele kanta, bakoitza bere zoroak bizi baitu. Errepikatzen ditugu predikuak, diskurtsoak». Eta alda daitezke, moldatu, baina beti dira irauten dutenak. «Sortzaileen kasuan, ez da harritzekoa forma diferentean emanagatik melodia bertsuak kantatzen aritzea batean eta bestean». Bada, bere bigarren poema liburuaren izenburura eraman du esaera bera Tabernak, Arkanbele kantak, eta bertan jaso ditu denbora batetik hona bilduz joandako olerkiak. «Banuen bilduma koxkor bat, eta une jakin batean poemategiaren ideia agertu zitzaidan; zaharrak landuz eta berriak gehituz joan da mamitzen».
Arkanbele baten irudia azalera ere eraman du egileak, Ignacio Larra artista beratarraren eskutik. «Xomorro deigarri zein misteriotsu honek badu zerbait berezia niretzat: haur eta gaztaro denborako Bidasoaldera eramaten nau nahitaez, ikusten dudan aldiro», kontatu du. Eta ez dela kasualitatea, beraz, liburuaren «aurpegirako» hautatu izana, sasoi hartatik abiatzen baita lana, ondoren beste eremu batzuetara heltzeko.
Orotara, 11 ataletan banatu ditu poemak egileak, nahiz eta liburuak, zehatzago, «1+9+1» forma duela aipatu duen. Aitzinsolasa da lehena eta gibelsolasa azkena, eta narrazio bat dator bakoitzean. «Batean bizia deskubritzeaz hitz egiten den bezalaxe, bestean heriotzaren hurbiltasunaren oharpena aipatzen da. Eta, tartean, bizialdi bat biltzen da, kronologikoki, baina ez erabat». Atal bakoitza, «gogoaren ibiltoki jakin bat» dena, poema gutxirekin osatu du, eta denak ikusten ditu kate beraren begiak balira bezala, bata besteari lotuak. «Oraindik hemen naukan bizialdi bateko uneak dira. Une horiek idazlearen baitan utziriko arrastoen seinaleak; ikusiak batzuk, ikasiak beste batzuk, eta asmatuak ere ez gutxi».
Paisaia, maitasuna, 36ko gerra —«aita 20 urterekin bidali zuten frontera, eta, gertu zuen arren, ez zuen ezer kontatzen; amak 11 zituen, eta kontatzen zuen», 1970eko urteak, Bidasoa —«mugaldea beti gatazka»—, adiskidetasuna, etorkin portugaldarrak, buhameak, sortetxetik mundura irtetea, beste gorputz batzuen bilaketa, euskararen galera, lagunena, Iruñea, familia, ihes egiten duen denbora. Liburuan bildutako askotariko testuen askotariko iturri horiek zerrendatu ditu egileak lanaren aurkezpenean, zerrendak luze jo dezakeela ohartarazita. «Poemetan bada memoria pertsonaletik aunitz, baina begirada kolektiboa da maiz», adierazi du, eta erantsi memoria ez dela «tresna bat besterik», iragana nahieran «birsortzeko» tresna.
Liburuak, oraindik proiektu zela, beste izenburu posible batzuk ere izan dituela, eta horietako bat ekarri du gogora egileak: Erakusketa baterako koadroak. 1970eko hamarkadan, anaiak etxera eramandako LP bati hartu zion hasierako izenburu hura, Emerson, Lake & Palmer-en Pictures at an Exhibition-i, poema bat, edozein, koadro bat halakoa izan daitekeen ustean. «Koadroak bezalaxe, poemak zerbaiten erreprodukzio edo argazki finko izan daitezke; edo gertaera bat, istorio bat kontatu, gogoeta bat plazaratu. Helburu hori dute behinik behin poema hauek».
Irakurri ahala aditzea
Izenburuaren bigarren hitzak ere, kantak-ek, badu bigarren esangura bat ere liburuan. Izan ere, abestiei dagokien zenbait ezaugarri ere jasotzen dituzte poemek: errimaren hotsa eta lerro neurtuak han-hemen. «Ez dira, baina, neurtitz ortodoxoak». Azaldu duenez, idazterako etorria halakoa izan duelako baliatu du batik bat molde hori, eta ez zaiola harritzekoa ere esan du: «Ez da misterio bat hori hala izatea, kontuan hartzen badugu guri kantarien bidez iritsi zitzaigula poesia, kantuaren bidetik iritsi ginela literaturara. Irakurri baino lehen adituak genituen Aresti, Mirande, Lekuona, Xenpelar, Artze, Xalbador, Hernandez, Brassens...».
Bertso mundua ez du urrunekoa idazleak, eta bertso neurrian, zortziko txikian, egindako poema bat ere sartu du liburuan. Hala ere, bi mundu direla defendatu du, bertsolaritzarena bata eta poesiarena bestea, eta ez dituela «sobera bortxatu» nahi izan.
Lehen poema lana duela 25 urte eman zuen Tabernak, Ernestina Champourcin saria irabazi eta Arabako Foru Aldundiak argitaratutako Mendearen ilunabarrean. Harrezkero, narrazioa landu du batik bat, Txokolatezko dinamita (2001) eta Alkasoroko benta (2013) azken lanen artean. Horiek bezala, Susarekin eman du lan berria orain, eta, bertako editore Leire Lopezen esanetan, irakurleak sumatuko du Tabernaren eskua lan berrian, «Tabernaren arkanbele kanta». Haren lan guztiek «espazio geografiko bat eta hitz egiteko zein bizitzeko modu bat» elkarbanatzen dutela aipatu du editoreak, baina gehiago direla «berritasunak» lan honetan. Lopez: «Batez ere bizitza gozatzeko modu bat ageri da poemotan. ‘Gure baitako izaera gordea’ aipatzen du poemetako batean, XVI. mendean hiru ardi eta urde bat lapurtzeagatik atxilotutako Uztaritz ijitoari buruz ari dela, eta beste zentzu batekin, baina esango nuke gure baitako izaera gorde hori ere ageri dela».