Literatura

'Bar Gloria' plazaratu du Nerea Ibarzabalek, bere lehen nobela

Familia baten taberna jarri du agertoki nagusitzat, eta, hiru protagonisten bizipenen bidez, lana, heldu egitea, desira eta komunikazioa hartu ditu hizpide, besteak beste.

Nerea Ibarzabal Salegi idazlea, 'Bar Gloria' nobela aurkeztu aurreko uneetan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko irailaren 13a
19:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Taberna itxi eta garbiketa lanekin bukatzean, mahai beraren bueltan biltzen dira gauero Ana, Rakel eta Migel. Baserritik herri industrial batera aldatu den familia bateko alabak dira lehen biak; Espainiatik etorritako sendi bateko semea da bestea, lankide ez ezik, etxekotzat ere badaukatena, familiaren Bar Glorian ia umetatik egin baitu lan. Tabernaren azuleju gorriak agertokitzat hartuz eta hiru protagonisten bizipenak ehunduz osatu du Nerea Ibarzabal Salegik bere lehen nobela, Bar Gloria, eta Susa argitaletxearekin kaleratu du. «Bizimodu aldaketa erradikal batera presaka egokitu behar izan dutenen istorio bat da Bar Gloria. Etxearen esanahia aldatu, lur berrira errotu eta lehenbailehen hazi nahi izan dutenena», adierazi du idazleak.

Herri erdigunean, erreka bazterrean, tren geltokitik gertu dago Bar Gloria, Ibarzabalek esplikatu duenez. Mostradore altu bat eta beiratedun jantoki bat ditu, baita disekatutako idi buru bat ere sarrerako ate gainean. Fabriketako langilez betetzen da goizetik, eta familiaren baserritar jatorriak ere baldintzatzen du tabernaren izaera, zeinak inguruko herrietako landa eremuko jendea ere erakartzen duen. Hala, «bi paisaia nagusi», urbanoa eta nekazaritza tradizioa, elkartzen ditu guneak. «Jendea sukalderaino sartzen da, eta, zaraten eta usainen anabasa horretan, pertsonaiei oharkabean igaroko zaie denbora; haurtzaroa eta helduaroa, bizitza eta lana bereizezin bilakatzeraino».

Lanak elkartu ditu kontakizuneko hiru protagonistak, «beharrak batu edo urrundu egin baititzake pertsonak», ohartarazi du idazleak. «Lanak harrapatutako jendea kontatu nahi nuen liburu honetan, hara eta hona dabiltzan bitartean filmatu. Nola, esku bustien eta hanka minberatuen gainetik, haiek direna izateko indarrari eusten dioten, nola amesten duten, noiz eta zergatik hautatzen duten amiltzea edo altxatzea, eta zenbateraino dagoen hori beraien esku».

Nobelan agertzen diren eremu gehienak —kalea, taberna, proba tokia...— gizonek menderatutakoak direla ere azaldu du, eta Bar Gloriako zerbitzariak haien begiradapean, haien eskura, haien elkarrizketak entzunez hazi direla. «Gizonek abereak bezatzen dituzten moduan bezatu nahi izango dituzte emakumeak ere, lanaren eta indarraren bidez. Baina badira sen errebeldeak, neurriko uztarririk egin ezin zaienak». Idi probetako iruditeria ere eraman du liburura, «pertsonen eta gainerako animalien arteko harremanak esanguraz betetakoak» iruditzen baitzaizkio.

Eta, testuinguru horretan, ihes egiteko desira sentituko dute istorioko hiru protagonistek, nork bere modura, Ibarzabalek zehaztu duenez: «Iraganeko eta etorkizuneko irla hobeak dauzkate buruan, baina mostradorea hesi bat da, edo beti haien zain egongo den babesleku ezagun bat».

Eszenaz eszena kontatua

Bere izenez sinatutako lehen nobela badu ere, Ibarzabalek lehendik ere badu harremanik letrekin. Bertsolari izateaz gain, kazetaria da ikasketaz, eta hainbat hedabidetan zutabegile aritu izan da eta ari da —BERRIAn, besteak beste—. Txakur Gorria sormen kolektiboak argitaratutako hainbat liburutan ere idatzi du. Bar Gloria-ren «ernamuina» orain bi urte hazi zitzaiola azaldu du idazleak, oso modu «lausoan» hasieran. «Eszenak zerrendatzen hasi nintzen. Pertsonaia, leku eta garai dezente sartzera nindoanez, bakoitzaren usaina lehenengora suma zedin nahi nuen». Leku bakoitzaren bereizgarriak eta haien araberako pertsonaien aldaerak landu zituen. «Kontatzen bezainbeste, erakusten saiatu naiz».

Aitortu du erronka izan dela beretzat «lanaren abiadura orrialdeetan harrapatzea, eta aldi berean pertsonaien ezinegonak modu lasaiago batean deskribatzen asmatzea». Hala, bestelako hizkuntza bat garatu du liburuan. «Saiatu naiz garbi hitz egiten ez duen jendearen hizkera hori aletzen: begirada bidezkoa, errezelen ostekoa eta isiluneetakoa. Familia askotan ohikoa den komunikazio mota hori interesatzen zitzaidan. Korapiloak askatu gabe, isildu eta aurrera jarraitzea erabakitzen duen jendea».

Hain zuzen, liburuan isiltasunak garrantzia duela iritzi dio Leire Lopez Ziluaga editoreak. «Bortxaketa batek jarriko du argumentua martxan, eta horrek sortutako ezinegonak. Baina hori pizgarria da, nobela ez baita hori bakarrik, inondik inora. Liburua gauza asko da». Haren ustez, heldu egiteko prozesuari, lanari eta desirari buruzko liburua da, baita komunikazioari buruzkoa ere.

Eta zerrendatu ditu nobelak jorratzen dituen auzi gehiago ere editoreak: krisi ekonomikoa, gizonkeria, gaixotasuna, bortxa, maitasuna, ahizpen arteko harremana, sexualitatea... Aldi berean, eta batez ere, irakurleari «espazio asko» uzten dion liburu bat dela adierazi du. «Nobelaren ezaugarrietako bat da idazleak beharrezkoa dugun hori bakarrik kontatzen digula, argazki osoa guk osa dezagun. Eszenaka kontatutako liburu bat da, eta gu gara ondorioak atera behar ditugunak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.