"Egun handia da", Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak. "Iritsi da eguna", Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Tonu horrekin abiatu zuen, atzo goizean, Bigarren sexua-ren euskarazko argitalpenaren aurkezpena, Donostian. Ezaguna da Simone de Beauvoirrek liburuarekin zabaldu zuen mezua: "Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da". Baina, Mendizabalek esan bezala, "esaldia bere testuinguru osoan" ekarri du orain euskarara Irene Arrarats Lizeagak, BERRIAko Euskara Taldeko arduradunak. Bi liburukik osatzen dute lan mardul hori —Egitateak eta mitoak eta Bizi izandako esperientzia—, eta halaxe argitaratu da euskaraz ere.
Eguna iritsi dela aipatu zuen Agirrek, Eskafandra kolektiboa sortu zutenetik "aspaldiko egitasmoa" izan dutelako De Beauvoir euskarara ekartzea. Arrarats aspalditik zebilen Bigarren sexua bere kabuz itzultzen, "bere denbora librean ardura hartuta", Agirreren hitzetan. Itzultzaileak horren berri eman zien, eta esan zioten modua egingo ziotela Eskafandran argitaratzeko. "Eta hemen gaude, bikiz erdituta". Pentsamendu feministan bai, baina, era berean, filosofiaren historian eta eremu politikoan ere lan mugarria dela esan zuen Agirrek. "Oso erreferentziala da gizarte eraldaketaren gainean pentsatzen segitzeko. Gaur egun ere bizi-bizi dagoen liburu bat da".
Aurten 70 bete dira frantsesezko jatorrizko edizioa plazaratu zuenetik, eta garaian kokatzeko gako batzuk eman zituen Agirrek. 1949a zen, mende hasierako Mendebaldeko mugimendu sufragistaren aroa atzean geratua zen, eta hurrengo olatu feminista ez zen helduko 68ra arte. Bien artean idatzi zuen Bigarren sexua De Beauvoirrek, eta sekulako zalaparta eragin zuen argitalpenak. "Oso kritikatua izan zen, eta baita iraindua ere".
Aldi batez "isilpean" egon ostean, 68ko maiatzean hartu zuen berriz indar Bigarren sexua-k. Agirrek azaldu zuenez, sasoi hartan hasi ziren Europako nola Euskal Herriko feministak De Beauvoir irakurtzen, gaur arte. "Filosofian eta pentsamendu feministan jardun duten emakumeak hainbat izan dira, baina beti esaten da, gauza batzuekin ados egon ez egon, ondoren sortzen diren feminismo guztiak Simone de Beauvoirren alabak direla; berdin da feminista erradikalak, liberak, queer-ak... Hemen abiatzen da gaur egun dugun feminismoa".
"Gure artean daude"
Egilea eta liburua "klasikoak" direla aipatuz hartu zuen hitza Arraratsek. "Klasikoak ezagunak diren moduan; alegia, irakurriak izan gabe ere, gure artean daude". Eta hori zerbaiten seinale da itzultzailearentzat: "Liburuan aztertzen den mundua, oraindik ere, neurri handi batean, gure mundua dela. Gauza batzuk eraldatu egin dira, baina, funtsean, Simone de Beauvoirrek aztertzen duen mundua gurea da, hor dagoen guztiarekin. Gaurkotasun beteko liburua da".
Arraratsek, era berean, gogora ekarri zuen De Beauvoir ez zela feminista liburua idazten hasi zenean. Feminitatea "ikergai" gisa hartu zuen lanari heltzean: "Feminitatea zer da? Zer dakarkigu gizaki emeoi gizarte honetan, kultura honetan bizitzeak? Nola moldatzen gaitu? Zertarako?". Itzultzailearen esanetan, "aurreiritzirik gabeko ikerlan" bat egin zuen, eta uste du on egin ziola horrek liburuari, "paradoxikoa bada ere". Esan izan da "misoginoa" ere bazela De Beauvoir. Ezetz uste du Arraratsek. "Ez zen konplazientea, eta hori beste gauza bat da: emakumeoi, gizonei bezala, ispilu bat jartzen digu aurrean, ikus dezagun zer egin dugun gure bizitzarekin eta gure bilakabide historiko eta pertsonalarekin".
800 orrialde baino gehiagotan, hamaika gai lantzen dira liburuan. Ideia nagusien artean, "esentzia biologikoaren deuseztapena" eta "androzentrismo kulturalaren" analisi zorrotza azpimarratu zituen itzultzaileak. "Gure gizartearen eta pentsamenduaren aldamioak uzten ditu agerian". Bestetasuna ere lantzen du; eta, gizonek ez bezala, emakumeak ez dutela historian euren burua "subjektu kolektibo gisa" ikusi. Ez behintzat feminismoa iritsi zen arte.
Itzulpenaren inguruan, liburuaren zailtasun argienetako bat luzera izan dela aipatu zuen Arraratsek. "Ez dakit zenbat liburu dauden barruan; hiru gutxienez bai". Egilea existentzialista izanik, pasarte batzuetan abstrakziora jotzen duela ere adierazi zuen, eta hori euskaraz jartzea ere ez dela erraza izan. Baditu beste xehetasun batzuk ere: L'homme askotan modu generikoan erabiltzen du, eta gizona ala gizaki jarri zalantzan aritu da itzultzailea; azkenean, gizona jarri du, informazio hori irakurleari ez gordetzeko. "Nire helburua zen frantsesezko bertsioa irakurtzen duen batek ikusten duen guztia ikustea euskarazko bertsioa leitzen duenak". Eta azken zailtasuna, ezin konta ahala idazle eta filosoforen aipuak erabiltzen dituela De Beauvoirrek.
Emakumearen definizioetan onenen artean ikusten duen esaldi bat hautatu zuen, amaitzeko, Arraratsek: "Bere burua objektu bihurtzeko eskatzen zaion izatedun bat; horixe da emakumea".
Film laburra
Argitalpenaren osagarri, baina bere horretan autonomo, Bigarren sexua(z). Collage izeneko film laburra ere osatu dute Nora Alberdik eta Iratxe Fresnedak, ordu laurden ingurukoa. De Beauvoirren bederatzi "lezio" hartu dituzte, eta gaur egungo irudiekin eta emakume euskaldunen testigantzekin gurutzatu. Abenduaren 6an aurkeztuko dute, Durangoko Azokan, 19:30ean.
[youtube]https://youtu.be/D-73YsIPQ5M[/youtube]
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunderen laguntza izan du argitalpenak, eta eskerrak eman zizkien horregatik Agirrek. "Bereziki pozten gaitu lankidetza hauek egiteak; bestela, oso zaila izango zen hau argitaratzea. Baina bereziki pozten gaitu guretzako, Eskafandrarentzako, egiteko moduetan ideia bat mamitzen delako, eta hori da euskararen eta feminismoaren arteko lotura. Ez da formalismo hutsa: hor badago bide bat elkarri eskua emanda egiteko asmoa".