Modu ezohikoan hasi da Donostiako Nazioarteko 67. Zinemaldia, jaialdian orain dela sei urte lehiatu zen film baten egokitzapenari eman baitiote antolatzaileek Urrezko Maskorra lortzeko lehia zabaltzeko aukera. Bille Augustek 2013an Donostiako lehiara ekarritako 'Silent Heart'-en 'remake'-a da.
Blackbird, Roger Michell (Hegoa Afrika, 1956) beteranoak (Notting Hill, Le Week-End, My Cousin Rachel) zuzendutako filma asteburu huts batean dago kontatua. Lily (Susan Sarandon) eta Paul (Sam Neill) bizi diren etxera iritsiko dira ostiralarekin, Jennifer (Kate Winslet) eta Anna (Mia Wasikowska) alabak, euren senideek lagunduta, eta baita gaztetatik lagun izan duten Liz (Lindsay Duncan). Gurasoek deitu dituzte, elkarrekin azken asteburu bat igarotzeko asmoarekin. Izan ere, Lily gaixo terminala da, eta erabakia dute asteburua bukatzearekin batera haren sufrimenduari amaiera emango diotela.
Bi egun horietan berriro elkar ezagutzeko, iraganeko zamak aireratzeko eta barre nahiz negar egiteko aukera izango dute etxean zortzi pertsonek.
Blackbird-en emanaldiarekin hasi da Urrezko Maskorra lortzeko lehia. Bihar, berriz, beste hiru film aurkeztuko dituzte Sail Ofizialean: Mientras dure la guerra (Alejandro Amenabar), Proxima (Alice Winocour) eta Mano de obra (David Zonana)
'Zeroville', lehiatik kanpo
Bestalde, Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dute James Francoren Zeroville ez dela, azkenean, Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango, Errusiako zinema aretoetan estreinatu baitute Zinemaldia baino egun batzuk lehenago. Hortaz, lehiaketaz kanpo proiektatuko da Sail Ofizialean.
Hasieran, Zeroville filmaren produktoreek Zinemaldiaren araudiaren arabera inskribatu zuten filma lehiaketan, antoplatzaileek azaldu dutenez. Araudi horrek dio film luzeek, lehiaketa ofizialean sartzeko, estreinatu gabeak izan behar dutela beren jatorrizko herrialdetik kanpo (kasu honetan, AEB). Alabaina, filma Errusian estreinatu dute Zinemaldia hasi baino astebete lehenago eta, ondorioz, ezin izango da Urrezko Maskorra irabazteko lehian sartu.